2021eko Ibilaldia jaiaren antolatzaileekin elkartu da Jokin BIldarratz

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak harrera egin die gaur goizez Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia festaren antolatzaileei, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan, Bilbon. Bildarratz Leioako Betiko Ikastolako zuzendari Maite Zelaiarekin eta Sopelako Ander Deuna Ikastolako zuzendari Xabier Ugalderekin elkartu da. Bilkuran izan dira, halaber, Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellitu eta Ikastolen jaietako arduraduna, Joseba Aginagalde.

2021eko Ibilaldia Sopela eta Leioan ospatuko da, datorren domeka honetan, maiatzaren 30ean, “Kala kalata!” leloarekin. Halabeharrez, erabat ezohikoa izango da jaia, Covi-19ren aurkako neurriak betez: ez ibilbiderik, ez kontzertu erraldoirik, ez janari eta edari zerbitzurik. Hala ere, lau gune nagusi izango dira Sopelan, baina ezinezkoa izango da batetik bestera mugitzea, eta guneren bateko jardueretan parte hartu nahi duen orok, aurrez izena eman eta lekua hartu beharko du, webgunearen bidez. Gune batzuetarako eta zenbait ordutarako eskaerak beteta daude dagoeneko.

Ibilaldiko arduradunek aurtengo jaiak izango dituen ezohiko ezaugarrien berri eman diote sailburuari, antolakuntzako gainerako xehetasun eta neurriak azaltzearekin batera. Bildarratz sailburuak igandean bertan izango dela jakinarazi die antolatzaileei.