Kontsumobidek gogorarazten du kontsumitzaileak ez duela izapiderik egin behar fakturazio elektrikoaren aldaketen aurrean

0

Datorren ekainaren 1ean aldatu egingo dira tarifazio elektrikoa eta faktura. Aldaketa hori automatikoki aplikatuko da, eta kontsumitzaileek ez dute ezer egin beharko.

Horren helburua da kontsumoa eskari txikiena dagoen orduetara bideratzea. Horrela, eskari handiko uneetan gertatzen den garraio elektrikoaren sarearen saturazioa saihestu nahi da.

Aurrezteko aukera.

Araudiaren aldaketak hiru epealdi ezartzen ditu kontsumitzaileentzat, bakoitza prezio bati lotuta: Haran epealdia (asteburu eta jaiegun nazionalak eta lanegunak, 00: 00etatik 08: 00etara), Lautada epealdia  (lanegunak, 08: 00etatik 10: 00etara, 14: 00etatik 18: 00etara eta 22: 00etatik 24: 00etara) eta Punta epealdia (lanegunak, 10: 00etatik 14: 00etara eta 18:00etatik 20:00etara).

Haran epealdia eskari gutxien duen uneak dira, eta, beraz, elektrizitatea merkeagoa izango da. Lautada epealdian prezioa erdi mailakoa izango da, eta Punta epealdia garestiena izango da. Argi dago etxeetan etengabeko kontsumo elektrikoak daudela, hala nola hozkailuak eta izozkailuak, baina programatu daitezkeen beste kontsumo batzuk ere badaude. Gure elektrizitate-kontsumoak haran epealdian egiten saiatzea lagungarria izan daiteke aurrezteko.

Potentzia-aldaketa

Beste aldaketa nabarmen bat bi potentzia-aldi desberdin ezartzea da: Punta lanegunetan goizeko 8etatik gaueko 12etara, eta Harana lanegunetan gaueko 12etatik goizeko 8etara eta asteburuetan. Haran epealdi hori ibilgailu elektrikoak, metagailuak eta abar kargatu behar dituzten kontsumitzaileentzat gomendatuta dago.

Potentzia elektrizitatea aldi berean kontsumitzeko gaitasuna da, eta aldi berean funtzionatzen izan dezakegun aparatu-kopurua zehazten du. Ekainaren 1eko aldaketaren ondoren, kontsumitzaileek bi potentzia berdin kontratatuta izango dituzte, bat epealdi bakoitzeko, baina potentzia desberdin bat kontratatu ahal izango dute epealdi baterako; bestela esanda, potentzia gehiago kontratatu ahal izango dute haran epealdirako. Nolanahi ere, kontratatutako bi potentzietako bat ere ezingo da izan instalazio-ziurtagiriak baimentzen duena baino handiagoa.

Salbuespen gisa, eta urtebetez, bi potentzia-aldaketa egin ahal izango dira gehienez.

Laburbilduz, aldaketak automatikoki egingo dira. Potentzia-kontsumo handia eskatzen duten elementuak izanez gero (metagailuak, ibilgailu elektrikoak …), aldaketa eskatu aurretik ondo aztertzea gomendatzen da. Ohiko kontsumoaren kasuan, Kontsumobidek gure ohiturak egokitzea gomendatzen du, kontsumo eraginkorragoa lortzeko.

Kontsumobideren gomendioa da merkaturatzaile elektrikoarekin harremanetan jartzea, zalantzarik izanez gero.