Osakidetzak bere Osasun Karpeta berritu du, herritarrek hartara modurik errazenean jotzeko aukera izan dezaten eta beren osasuna zaindu dezaten. Tresnak beste funtzionaltasun batzuk jasotzen ditu, lehengo funtzionaltasunez gainera, besteak beste: minbiziaren (bularrekoa, zerbixekoa, kolonekoa) baheketa-programetan parte hartzeko jakinarazpena jasotzea eta emaitzak kontsultatzea. Pasa den 2020. urtean, 1,3 milioi sarrera erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 33 gehiago, eta duela zortzi urte abian jarri zenetik egon den kopururik handiena.
Covid-19aren pandemian, aurrez aurrekoak ez diren tresnen erabilera nabarmen handitu da. Telefono bidezko kontsulten ondoren, Osasun Karpeta da tresnarik erabiliena. Osasun Karpeta Osakidetzaren tresna digitala da; aukera ematen die 16 urtetik gorakoei haien Historia Klinikoko informazioa ikusteko, besteak beste txosten medikoak, analitikaren eta PCRaren emaitzak edo proba erradiologikoak.
Aplikazioaren bidez, era berean, egiteko dauden hitzordu medikoak kontsulta daitezke, eta, beharrezkoa bada, datuak eguneratu daitezke –esaterako, telefono-zenbakia–, Osakidetza herritarrekin harremanetan jarri ahal izateko.
Funtzionaltasun horiez gainera –horiek bazeuden lehengo Osasun Karpetan ere–, bertsio berri honek beste zerbitzu, eginkizun eta erabilgarritasun batzuk eskaintzen ditu, jarraian laburtu bezala:
- Errazago nabigatzea eta sarbide errazagoa izatea. Osasun Karpetak diseinu errazagoa eta intuitiboagoa du, eta aukera ematen du eskari gehien duten zerbitzuetara erraztasunez jotzeko.
- Bularreko, koloneko eta zerbixeko minbiziaren baheketa-programetan parte hartzeko jakinarazpena jasotzea, haren emaitzak, hurrengo kontrolaren data eta programei buruzko informazio guztia ezagutzea.
- Aurretiazko borondateen dokumentu osorako sarbidea izatea.
- Pazientearen segurtasun handiagoa lortzen da, Historia Klinikoan ageri diren alergiak eta medikamentuekiko kontrako ondorioak ikus daitezke eta.
- Txosten mediko guztiak ikusi eta deskargatzea (kolonoskopia, PET…)
- Hitzordua eskatzea Lehen Mailako Arretan.
- Hirugarrenen historialera sartzeko aukera, besteak beste seme-alabenera, pertsona kalteberak eta legez ezgaituak direnak zaintzen dituzten tutoretza-fundazioetara zabaltzen da, zaintzeko aukera duten familiak ez dituztenen kasuan.
NOLA SARTU OSASUN KARPETAN?
Osasun Karpetara Osakidetzaren web-orritik sar daiteke edo atari mugikorretik, Osakidetzaren aplikazioa deskargatuz gero. Sarbidea sinplifikatu egin da eta, beraz, dagoeneko ez da beharrezkoa izango itsasontzi-jokoa. Hala ere, tresna honetan eskuratzen diren datuen segurtasuna bermatzeko, NAN elektronikoa edo, bestela, BakQ identifikazio-ziurtagiria behar da; herritarrei arreta emateko edozein bulegotan eska daiteke.
TEKNOLOGIA BERRIAK OSASUNAREN ZERBITZURA
Osakidetzak osasunaren zerbitzura dauden teknologia berriak erabiltzearen aldeko apustua egiten du; izan ere, zerbitzu hobea eta irisgarriagoa ematen laguntzen dute, eta pertsonak haien osasuna kudeatzeko ahalduntzen laguntzen dute. Telemedikuntzak aurrez aurreko jarduera osatzen du, zeinak ezinbestekoa izaten jarraitzen baitu.
Herritarren zerbitzura dauden teknologia berrien erabileraren adibide batzuk Osakidetzan, Osasun Karpetaz gainera:
- Errezeta elektronikoa: paperezko errezetak saihesten dira; izan ere, aukera ematen du botikan medikamentuak osasun-txartelaren bidez eskuratzeko
- Osasun Kontseilua: 900 20 30 50 telefonoak aurrez aurrekoa ez den arreta eskaintzen du eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan.
- Aurretiko hitzordua. Zerbitzu honen bidez, hitzordu medikoa eska daiteke edo ordua har daiteke Covid-19aren aurkako txertoa jartzeko, Osakidetzaren web-orriaren bidez.
- Covid-19rako aplikazio bereziak: Covid-19.eus app-a, Radar Covid app-a, chatbot-a edo asistente birtuala.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 27a