Emakundek osasun arretan genero ikuspegia txertatzearen onurak azpimarratu ditu

0

Bihar, maiatzak 28an, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza  Eguna ospatzen dela eta, gaur  Emakundek “Genero-desberdintasunak osasun-arretan. COVID19aren kasua” hitzaldia antolatu du. María Teresa Ruiz Canterok eman du, Alacanteko Unibertsitateko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko katedradunak eta genero-ikuspegiko prebentzioan eta osasun publikoan aditua denak.

Konferentziaren helburua izan da, gaixotasun desberdinei buruz dagoen ezagutzarekin (COVID 19a barne), ikerketako eta osasun-arretako erronka batzuk irudikatzea, hala nola gaixotasunen testuingurua eta emakumeen osasunaren inguruko jakintzaren ekoizpena.

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, azpimarratu du “herritarren osasunerako eskubideaz hitz egiten dugunean, kontuan hartu behar direla, desberdintasun biologikoez gain, emakumeen eta gizonen beharrizan eta baldintza sozioekonomiko eta kultural desberdinak, eta gizartean eraikitako desberdintasunak”. Hala, emakumeen osasuna baldintza sozioekonomiko eta lan-baldintza batzuen eraginpean dago, hala nola, pertsonak eta etxea zaintzeko lanaren banaketa desorekatuaren karga, emakume titularra diren guraso bakarreko familia-nukleoen ehuneko handiagoa oro har, errenta-maila txikiagoak, ordainsari txikiagoak, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketako maila handiagoak… Faktore horiek kontuan hartu behar dira osasunean esku hartzen denean, desberdintasun horiek emakumeen osasunean zuzenean eragiten dutelako.