Euskadiko Larrialdi Zerbitzuek bi pertsona erreskatatu dituzte Arabako mendietan

0
PRUEBA

Gaur arratsaldeko lehenengo orduan gizon bat eta emakume bat erreskatatu dituzte Urbian eta Orbison, ezin zutelako bidean aurrera jarraitu. Bi kasuetan mendizaleengana iristeko zeuden zailtasunak ikusita, Ertzaintzaren helikoptero bat mobilizatu behar izan dute biktimak osasun-zerbitzuen eskuetan jartzeko.

Gaur arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera, SOS DEIAK 112 larrialdietako zerbitzuetan dei bat jaso da mendizale bat ondoezik zegoela eta bere kabuz ezin ziola bideari jarraitu esanez. Pertsona hori Urbiako zelaietan zegoen, eta larrialdietako hainbat baliabide joan dira bertara. Azkenean Ertzaintzaren helikopteroak jaso eta Araiako futbol-zelaira eraman du. Handik anbulantzian eraman dute ospitalera.

Biktima zain zuen anbulantziara eramaten ari zirenean, berriz ere helikopteroaren laguntza eskatu dute Arabako mendietan beste erreskate bat egiteko. Kasu horretan Orbiso eta Done Bikendi Arana arteko sakan batean emakume batek bideari jarraitzeko zailtasunak zituen. Lurrez erreskatatzeko zeuden zailtasunak ikusita, helikopteroaren laguntza behar izan da, eta mendiko erreskatatzaile bat jaitsi da biktima zegoen lekura eta handik atera ondoren Kanpezuko suhiltzaileen helilportura eraman dute. Bertan zain zuen anbulantziak eraman du biktima anbulatoriora, orkatila bihurrituta eta sorbaldan kolpe bat baitzituen.

Bi erreskateetan, Ertzaintzaren helikopteroko kideez gainera, ertzain-etxeko baliabideek, suhiltzaileek, osasun-zerbitzuek eta udaltzaingoak parte hartu dute, guztiak Eusko Jaurlaritzako larrialdiak koordinatzeko teknikari batek koordinatuta.