Espediente Judizial Elektronikoa Euskadira iristeko unea gero eta hurbilago dago, Eusko Jaurlaritzak, bere azken Gobernu Kontseiluan, baimena eman baitu Nafarroarekin akordioa sinatzeko, haren Avantius kudeaketa-sistema erabiltzeko. Bi erkidegoen arteko akordioak garrantzi berezia du; izan ere, Euskadiko epaitegietan paperaren erabileraren amaieraren hasiera ekarriko du, bai eta izapide judizialak arintzea ere. Adituen hitzetan, teknologia berriak oso baliagarriak izango dira epaiketa telematikoetarako, bideokonferentzietarako eta, azken batean, kudeaketa judizialen garapenerako bide emateko, profesionalentzat ez ezik, herritarrentzat ere.
Espedientea 2023ko lehen seihilekoan ezartzea aurreikusten da, eta hark prozesu batean sortzen den informazio guztia jasoko du, bai aldeek eremu judizialetik emandakoa bai peritu eta beste profesional batzuen txosten eta ekarpenen ondoriozkoa.
Euskadiren kasuan, gainera, haren Justizia Digitalaren Plana ardatz horren inguruan egituratzen da; proiektu horren helburua da justizia “arinagoa, eraginkorragoa eta digitalizatuagoa” izatea.
“Gobernuko konpromisoa da”, esan du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, “Justizia Digitaleko plan berria onartzea, epaitegi eta auzitegien digitalizazioa lortzeko, Espediente Judizial Elektronikoa osatzeko, Egoitza Judizial Elektronikoaren bidez izapide judizialak garatzeko eta bideokonferentzien bidez jarduketak sustatzeko”.
Plan hori, sailaren aurreikuspenen arabera, datozen hilotan aurkeztuko da, eta “Justiziaren zerbitzu publikoaren antolaketa- eta prozesu-eraginkortasunean eta eraginkortasun digitalean” lagunduko du.
Akordioa Nafarroarekin
Avantius kudeaketa-sistema Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa da; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ikuskatu eta balioztatu du ezarrita dagoen justizia-administrazioetako –alegia Aragoiko, Kantabriako eta Nafarroako administrazioetako– Espediente Judizial Elektronikoarekin lan egiteko derrigorrezko sistema gisa.
Bi erkidegoek sinatuko duten akordioak softwarearen erabilera lagatzea jasotzen du, bai bertsio “natiboa”n –hartatik abiatzen da lehen proiektua–, bai nukleoarekin, bi administrazioek, une oro, bertsio berak ezarrita izan ditzaten. Era berean, Asigna asistentzia juridikoaren erabilera eta Portal de Profesionales izeneko kolektibo profesionalekiko harremanetarako aplikazioa lagako dira.
Euskadik eta Nafarroak segimendurako batzorde mistoa eratuko dute, eta hura arduratuko da beharrezkoak diren aldaketa edo hobekuntzak batera egiteaz. Batzordea administrazio bakoitzeko bi pertsonak eratuko dute.
Avantiusen erabilera erabat doakoa da, eta lau urtez luzatuko da; beste lau urtez luzatu ahalko da.
“Izapidetze telematikoa paperari nagusitzen ari zaio, eta, gainera, Administrazio Elektronikoari buruzko araudira egokitu behar dugu. Avantiusen bidez, guk behar ditugun baldintza guztiak betetzen dituen sistema aurkitu dugu: Espediente Judizial Elektronikorako sarbidea dugu eta Euskadiren beharretara egokitzen gara”, esan du sailburuak.
Bisita Avantiusen eragiketa-zentrora
Euskadiko ordezkaritza batek, gaur goizean, Iruñean, Avantiusen eragiketa-zentroa bisitatu du, Tracasa Instrumental Nafarroako Gobernuaren mendeko sozietate publikoan. Topaketaren helburua kudeaketa-sistemaren eguneroko erabilera aurrez aurre ezagutzea izan da.
Beatriz Artolazabal sailburua izan da erakunde-taldearen buru, eta Ana Agirre Justiziako sailburuordea, Javier Landeta Justizia Digitalaren eta Azpiegituren zuzendaria eta Ana López EJE proiektuaren arduraduna izan dira berarekin.
Epaileen aldetik, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria Reyes Goenaga Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehendakariarekin eta Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoarekin batera joan da. Gainera, Fiskaltzaren ordezkari gisa honako hauek ere izan dira: Carmen Adán Euskadiko fiskal nagusia, Juan Ramón Calparsoro Gipuzkoako Probintziako fiskal burua eta Álvaro Delgado Arabako fiskalordea. Azkenik, Begoña Basarrate, Blanca Rosa Barbero eta Eduardo Santamaría justizia-administrazioko letraduak ere bidaiatu dira.
“Bisita hau esanguratsua da; izan ere, hemen ordezkatuta dauden justizia-administrazioko eragile guztien arteko elkarlaneko proiektua da. Garrantzitsua da guztiontzat, eta aldaketaren kudeaketa errazagoa izateko adostasun orokorra lortu behar dugu”, esan du Beatriz Artolazabalek.
Haiei guztiei harrera egin zaie Nafarroako Gobernuan. Nafarroako Gobernuko ordezkari izan dira Eduardo Santos Migrazio Politika eta Justiziako kontseilaria eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria.
Tracasara eginiko bisitaren ondoren, Euskadiko ordezkaritza banandu egin da, eta bilerak izan dituzte, Iruñeko Justizia Jauregian eta Nafarroako Gobernu Jauregian.