Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin eta Rikardo Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariarekin batera, Euskelec Lanbide Heziketako ikastetxeek egindako ibilgailu elektrikoen txapelketan izan da asteburu honetan. Lanbide Heziketako ikasleek fabrikatutako ibilgailu elektrikoek proba dinamikoak eta erresistentziakoak gainditu zituzten, Bilboko Itsas Museoaren aurrean horretarako prestatu den zirkuituan.
Euskelec zirkuituan izan dira, halaber, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariak: Ainara Basurko, Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua; Ane Insausti, Mubileko zuzendari nagusia, mugikortasun adimendun eta jasangarriko erreferentziazko poloa (Gipuzkoako Foru Aldundia); eta Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia.
Tknikako (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa) arduradunekin batera, erakundeetako ordezkariek bertatik bertara jarraitu ahal izan dituzte ibilgailuek egin behar izan dituzten probetako batzuk, eta zuzenean egiaztatu ahal izan dute ikasturte honetan Lanbide Heziketako ikastetxeek eta ikasleek egindako lanaren emaitza.