Alokairuko parke publikorako 40 etxebizitza berri izango ditu Azkoitian Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak

0
PRUEBA

Azkoitiak alokairuko 40 etxebizitza sozial berri izango ditu, Eusko Jaurlaritzak Alokabideren bidez kudeatuak. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak hitzarmen bat sinatu du astelehen honetan Azkoitiko alkate Javier Zubizarretarekin. Hitzarmen horren bidez, bertako Udalak Txalon Erreka auzoko hiru partzela saldu dizkio Eusko Jaurlaritzari, errentamendu-erregimeneko etxebizitza-parke publikoa handitzeko.

Hitzarmen horrekin, Eusko Jaurlaritzak hiru partzelak erosten ditu eta alokairuko babes publikoko etxebizitzetarako hiru eraikin berri egitea sustatuko du. Bi sotoko, beheko solairuko, lau solairuko eta teilatupeko solairuko hiru bloke izango dira. Bloke horiek 16, 12 eta 12 etxebizitzetan banatuko dira, hurrenez hurren, eta guztiek garajeak eta trastelekuak izango dituzte. Guztira, partzelatan 1.227 metro karratu izango dira, eta inbertsioa 5,9 milioi eurokoa izango da lursailak erosteko eta eraikinak altxatzeko kostuen artean.

Jarduketa berriak udalerrian alokairuko etxebizitzen eskaerari erantzun nahi dio. Azkoitian, une honetan, 427 eskatzaile daude Etxebiden, eta horietatik % 68k errentamendu-modalitatea eskatu du. Hitzarmenak 40 etxebizitza horiek eskuratzeko lehentasuna ematen die herrian erroldatuta dauden pertsonei; halaber, esleipen-prozesuan kupoak hartuko dira kontuan, gazteak bezalako kolektiboei lehentasuna emateko. Era berean, astelehenean sinatutako akordioak ateak zabalik uzten ditu Udalak etxebizitza horiek ordezko bizitoki gisa erabiltzeko, beste udal-jarduera batzuen ondorioz etxebizitza bat behar duten pertsonentzat.

40 etxebizitza hauetaz aparte, Etxebizitza Sailak eta Visesak hainbat partzela dituzte Txalon Erreka auzoan bertan. Aurreikusita dago sektore horretan babes publikoko beste 75 etxebizitza eraikitzea alokairu-erregimenean eta, aurrerago, beste partzela batean, 150 etxebizitza inguru gehiago.

Aldi berean, Visesa Azkoitia-Floreagako obrak egiten ari da: babes publiko sozialeko 14 etxebizitza alokairuan eta beste 16 salmentan; garaje komuna duten bi eraikin dira aldapa handi batean kokatuak. Hori dela eta, urbanizazio-lan garrantzitsuak egin dira, auzo horretan kokatutako ikastetxerako sarbidea barne. Guztira, 5,3 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta lanak 2022ko lehen seihilekoan amaitzea espero dute.

Eusko Jaurlaritzak, Alokabideren bidez, 57 etxebizitza kudeatzen ditu Azkoitian; guztiak Bizigune programaren bidez etxebizitza hutsak alokairu eskuragarrirako lagatzen dituzten partikularrenak. Arriolak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioek elkarrekin lan egitea, alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko, eta hau bezalako udalerrietan partikularrek duten garrantzi handia nabarmendu du: «eskertzekoa da erabiltzen ez den etxebizitza bat edukita Alokabideren esku uzten duten pertsonek Sailean eta Bizigune programan jartzen duten konfiantza, guk beharra duten pertsonei bizileku bat eskaini ahal izateko». Gainera, 36 urtetik beherakoei alokairu librea ordaintzen laguntzeko Gaztelagun programaren bidez, Sailak 35 pertsona emantzipatzea bultzatu du Azkoitian.

Joan den astean Soraluzen hogeita hamar bat etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu ostean, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan alokairuko parke publikoa sustatzeko sinatu duen bigarren hitzarmena da udalerri honetan gauzatutakoa.