Osakidetzako ospitaleek doako wifi konexioa eskainiko diete erabiltzaileei

0
PRUEBA

Osakidetzak, aurtengo ekainetik aurrera, doako Wifi konexioa eskaintzen die bere ospitale-sare osoko erabiltzaileei. Sarbidea Bisitari sarearen bidez egingo da, eta telefono mugikorreko zenbakia eta NANa baino ez dira sartu behar izango, edozeinek, bai pazienteek bai haien laguntzaileek, Interneterako sarbidea izan dezaten, inolako kosturik gabe. Laster, Osakidetzak zerbitzu hori Lehen Mailako Arretako sare osora zabaltzea aurreikusten du, alegia, osasun-zentro eta anbulatorioetara.

Covid-19aren pandemiak agerian utzi du ospitaleratuta dauden pazienteek haien familiarteko eta lagunekin telematikoki harremanetan egoteko bideak errazteko dagoen beharra. Nahiz eta, dagoeneko, laguntzaileei sartzeko aukera ematen zaien (bat pazienteko), pandemiaren intzidentzia altuko uneetan segurtasun-neurriek bisitak murrizteko beharra ekarri dute; beraz, telefono mugikorra izan da harremanetan egon ahal izateko bitarteko bakarra. Hori dela eta, Osakidetzak bizkortu egin du zerbitzu korporatibo horren ezarpena bere ospitale-sare osora.

Abiapuntu gisa, esperientzia pilotua egin da bi zentrotan: Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Mendaroko Ospitalea. Balorazioa positiboa izan da; egunean batez beste 75 erabiltzaile konektatu dira. Beraz, ekainaren 1ean, Osakidetzako gainerako ospitaleetara zabaltzen hasi da zerbitzua, 21 ospitale-zentrotara, guztira. Aurtengo ekainaren erdialderako Wifi zerbitzua haietan guztietan eskuragarri egongo dela aurreikusten da.

Laster, Lehen Mailako Arretako sareko erabiltzaileentzat ere egongo da erabilgarri, alegia, osasun-zentro eta anbulatorioetara.

Nola konektatu Internetera ospitale batean?

Interneta eduki ahal izateko, ospitalean egonda, Bisitari sarera sartu behar da eta inprimakian telefono-zenbakia eta NAN zenbakia sartu. Une horretan, SMS bat bidaliko da mugikorrera eta, hartan, inprimakian sarbidea izateko sartu beharko den pasahitza agertuko da.

Erabiltzaileak Internetera sarbide-gako berarekin sartu ahalko dira bi gailutatik aldi berean. Eskuragarri dagoen Interneteko zerbitzua oinarrizko zerbitzua da; berehalako mezularitza-zerbitzuak (Whatsapp, Telegram…) erabiltzeko, albisteetara jotzeko, online hezkuntza-plataformetara sartzeko, posta elektronikora sartzeko eta sare sozialetara konektatzeko aukera ematen du, besteak beste.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 31a