Euskadi ondo ari da aurrera egiten bere ingurumen-egoerari dagokionez

0

Euskadik 2002az geroztik monitorizatzen ditu ingurumenaren egoera adierazten duten aldagaiak, eta azken azterketaren arabera, zeina 2020an egin zen, oro har, ondo ari da eboluzionatzen. Hala jasotzen da «Euskadiren Ingurumen Egoera 2020» azterketan. Horren ondorio nagusiak gaur jakinarazi ditu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Urdaibaiko Ekoetxean Ingurumenaren Mundu Egunaren harira (ekainaren 5a) egin den Gobernu Kontseiluan.

Azterketak 11 bektore aztertzen ditu: ura, airea, klima-aldaketa, zarata, biodibertsitatea, baliabide materialak, hondakinak, lurzorua, ekonomia eta ingurumena, herritarrak eta ingurumena, eta tokiko ingurumena. Oro har, progresio positiboa ikusten da, baina egia da horietako hirutan joera hobetu egin behar dela, zehazki, biodibertsitatean, hondakinetan eta klima-aldaketan.

Txostenak garrantzi berezia du orain gauden unean, izan ere, V. Ingurumen Esparru Programa prestaketa-prozesuan da. Horretan, Eusko Jaurlaritzak ingurumen arloan dituen lehentasunak ezarriko dira, eta Europako Itun Berdea izango du ardatz egituratzaile, horren espiritua euskal testuingurura eraman baita Basque Green Deal izenarekin.

Ingurumen Esparru Programak ibilbide-orria zehaztuko du, klima- eta ingurumen-erronkak aukera bihurtzeko, trantsizio bidezko eta integratzailea bermatzeko moduan.

Ildo horretan, V. Ingurumen Esparru Programaren prestaketari Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurreproiektua gehitu behar zaio, zeina izapidetzen ari baita eta Euskadi helburu klimatikoen arloan abangoardian kokatuko duen arau- eta plangintza-esparrua osatuko duen, arlo honetan munduko eskualde eta herrialde aurreratuenak direnekin batera. 

Programazio berezia
Ingurumenaren Mundu Eguna, urtero ekainaren 5ean ospatzen dena, Nazio Batuen hitzordu nagusietako bat da, mundu osoan ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ekintza bultzatzeko; planetaren alde jarduteko egun bat da, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak bat egiten du, beste urte batez, ekitaldi eta jardunaldien programazio berezi bat antolatuz, Ihobe sozietate publikoaren bidez:

  • Ekainaren 7an, astelehena, Euskadiko Ingurumenaren Mundu Egoerari buruzko txostena aurkeztuko zaio ingurumen-sektoreari, eta Ingurumenaren Esparru Programa berriaren ildoak aurreratuko dira.
  • Ekainaren 8an, asteartea, euskal kostaldeari buruz hitz egingo da, eta Eusko Jaurlaritzak itsas ingurunearen egoerari buruz egindako diagnostikoa aurkeztuko da.
  • Ekainaren 11n, ostirala, lurzoruaren erabilerari buruzko eztabaida egingo da tokiko eragileekin, eta FAOk bultzatutako Lurzoruaren aldeko Munduko Aliantza aurkeztuko da. Jardunaldi hau European Green Week Europako Aste Berdearen programazio ofizialaren barruan kokatzen da.

Jardunaldi horiek guztiak doakoak eta web formatuan izango dira, Zoom plataformaren bidez, Ihoberen webgunean ( www.ihobe.eus ) izena eman ondoren.