Biodibertsitatean, hondakinetan eta klima-aldaketan joera hobetu behar du Euskadik

0

Gaurko Gobernu Kontseiluaren bilera “Ekoetxea Meatzaldea”n, Abanto eta Zierbenako ingurumeneko interpretazio-zentroan, egin da ekainaren 5ean “Ingurumenaren Mundu Eguna” dela eta.

Bileraren ondoren, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak «Ingurumenaren Egoera Euskadin 2020» txostena aurkeztu du, honen arabera, oro har, bilakaera positiboa izan da. Azterlanak 11 bektore aztertzen ditu eta uraren, airearen, zarataren, baliabide materialen, lurzoruaren, ekonomiaren, herritarren eta tokiko ingurumenaren datuetan bilakaera ona detektatu du; aldiz biodibertsitatearen, hondakinen eta klima-aldaketaren joera hobetu behar dela erakusten du. Tapia sailburuak azaldu duenez, txosten hori Euskadi 2030 Ingurumen Esparru Programa prestatzeko prozesuaren parte da, eta bertan ezarriko dira Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren arloan izango dituen lehentasunak; «ibilbide-orria zehaztuko du, klima- eta ingurumen-erronkak aukera bihurtzeko, trantsizio bidezko eta integratzailea bermatzeko moduan», nabarmendu du Tapiak.

UNIVERTSITATE IKASKETA-BEKAK

Bere aldetik, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek jakitera eman du Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran onartu duela 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako deialdia, 28,5 milioi euro bideratuz. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ere jasotzen dira. Bildarratz sailburuak argitu du zenbateko hori handitu daitekeela, beharrezkoa izanez gero. «Garrantzitsua da azpimarratzea ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek dagokien zenbatekoa jasoko dutela. Eta horrek beketara diru gehiago bideratzea eskatzen badu, egin egingo dugu «, gaineratu du. Gainera, adierazi duenez, aurten helburua izango da bekarako eskubidea aitortzen zaien ikasle guztiek urtea amaitu baino lehen jaso ahal izatea dirua, hau da, ikasturteko lehen hiruhilekoan. Bestalde, Bildarratz sailburuak aipatu du, lehenengo aldiz, beka jasotzen duten ikasleek, beste laguntza bat ere jasko dutela: Gutxienez 300 euro jasoko dute ikasturte bakoitzean, eraldaketa digitalerako zenbateko osagarri gisa.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak Gobernu Kontseiluan landu diren gaien berri eman du. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Gaurko Gobernu Kontseiluak onartutako erabakien artean dago euskal kasazio zibileko errekurtsoaren lege-proiektua. Eztabaida judizialek euskal zuzenbide zibilari eragiten diotenean, justizia-auzitegietan kasazio-errekurtsoa jartzeko baldintzak arautzen ditu Lege-proiektu honek. Zupiriak azaldu duenez, onartutako lege-proposamenaren helburua da, Kasazio-errekurtsoaren erabilera zabaltzea eta horretarako  kasazio-errekurtsoa aurkezterakoan jarri beharreko «Gutxieneko zenbateko ekonomikoa» kendu egiten da.

Halaber, Segurtasun Sailak eta DYA Euskal Federazioak larrialdien eta babes zibilaren arloan lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio ekoizleei kalitate erregimenetan lehen aldiz parte hartzen laguntzeko eta Euskadiko nekazaritzako produktuak eta elikagaiak Europako Erkidegoko merkatuan ezagutarazteko eta sustatzeko ekoizleek egingo dituzten jardueretan laguntzeko 2021eko ekitaldian emango diren 712.780,62 euroren laguntzak.

Hezkuntzari dagokionez, Gobernu Kontseiluak baimendu du 9,9 milioi euroko gastua egitea, Muskiz Bigarren Hezkuntzako Institutuaren (IES Muskiz BHI) eraikin berria egiteko.

Osasun arloan, Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean hezkuntzako lankidetza-hitzarmena sinatzeko baimena ematea, kanpoko praktika akademikoak egiteko eta gradu-amaierako lanen eta/edo master-amaierako lanen garapena eta/edo zuzendaritza egiteko, Ingurumen Osasuneko, Elikadura Segurtasuneko eta Osasun Publikoko Laborategiko programen eremuan.

Horrez gain, Gobernu Kontseiluak irakurzaletasuna eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Liburutegi-Sareko zerbitzuen erabilera sustatzeko, 330.000 euroko laguntzak onartu ditu gaur. Zupiriak adierazi duenez, helburua da irakurzaletasuna sustatzen lagunduko duten profesional-adituak prestatzeko jarduerak, irakurketaren osagarri izan litezkeen tailerrak, ipuin-kontakizun berezien saioak, erakusketa bibliografikoak, solasaldi literarioak, literatura-lehiaketak eta liburuen edo liburutegien erailera bultzatzea.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena