Berdintasunerako Legea aldatzeko erronkaren aurrean lankidetza estutu dute erakundeek

0

Gaur arratsaldean bildu da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea, autonomia-, foru- eta toki-administrazioek berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeaz arduratzen den organoa.

Bileran, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak azpimarratu du EAEko berdintasun-politikak oso une garrantzitsuan daudela, behin legearen aldaketa Legebiltzarrean izapidetzen ari denean, eta, ildo horretan, azpimarratu du «lege hau onartzea berdintasunerako aukera bat” izango dela, “baita herri-erronka handi bat ere, bere garaian 2005ean legea onartzeak ekarri zuena bezalakoa». Artolazabalen hitzetan, onarpen horrek «eszenatoki berri batean jartzen gaitu, eta erakundeok aprobetxatu egin behar dugu lankidetza-lana indartzen jarraitzeko, herrialde-ikuspegiarekin eta lurralde-berezitasunak kontuan hartuta, hori baita modurik eraginkorrena berdintasunezko gizartea lortzeko bidean».

Bileran, gainera, berdintasun-politiken kalitate-estandarrekin eta haien koordinazioa hobetzearekin lotuta egiten ari den lanaren berri eman da, bai eta Emakundek bultzatzen duen Generation equality ekimenaren berri ere. Ekimen horren bidez, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako herri-itun handi bat lortu nahi da.

Sailburuaz gain hauek ere parte hartu dute batzordean: Izaskun Landaida eta Zuriñe Elordi, Emakundeko zuzendaria eta idazkari nagusia, hurrenez hurren; Jose Mª Armentia, Funtzio Publikoko sailburuordea; Elena Perez Barredo, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea; Lide Amilibia, Gizarte politiketako sailburuordea; Igone Martínez de Luna, Hezkuntza Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuetako zuzendaria; Ramon Sola, Arabako Gizarte politiketako foru-diputatua; Ainhoa Campo, Berdintasun eta Giza Eskubideetako zuzendaria Arabako Foru Aldundian; Patricia Campelo, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria; Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria; eta, EUDELen izenean, Angela Eguia, Gordexolako alkatea; Nerea Orozko, Galdakaoko zinegotzia; Ana Beitia, Elgoibarko alkatea; Ane Legarretazetxebarria, Fruizko alkatea; eta Portugaleteko zinegotzia, Mª Jose Blanco. Era berean, Ander Bergara Emakundeko Erakunde arteko Lankidetza Arloko arduraduna ere bertan izan da.