Eusko Jaurlaritzak ekoizleei kalitate eta jatorri erregimenetan parte hartzen lagunduko die 712.780,62 eurorekin

0

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio ekoizleei kalitate erregimenetan (Jatorri Izendapenak, Adierazpen Geografiko Babestuak eta Ekoizpen Ekologiko Ziurtatua) lehen aldiz parte hartzen laguntzeko eta Euskadiko nekazaritzako produktuak eta elikagaiak Europako Erkidegoko merkatuan ezagutarazteko eta sustatzeko ekoizleek egingo dituzten jardueretan laguntzeko 2021eko ekitaldian emango diren 712.780,62 euroren laguntzak iragartzeko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eman duen aginduari.

Bi eratako laguntzak aurreikusten dira:

  • Ekoizleek kalitateko erregimenetan lehen aldiz parte hartu dezaten laguntza. Laguntza urteko prima bat izango da ustiategi bakoitzeko, eta bere zenbatekoa kalitate erregimenetan parte hartzeko eskatzaileak egin behar izan dituen gastu finkoen mailaren arabera erabakiko da. Laguntza gehienez ere 5 urterako izango da, onuraduna inskribatu den urtetik hasita. Guztira, 218.850,92 euro izango dira.
  • Kalitate erregimen baten pean dauden produktuak Europako Erkidegoko merkatuan ezagutarazteko eta sustatzeko ekoizleen elkarteek egiten dituzten jardueretarako laguntza. Zuzeneko dirulaguntza bat izango da, ekintzen kostuetatik diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko bat estaltzeko. Laguntza horietarako aurrekontu kreditua 493.929,70 eurokoa izango da.

Laguntzak eskatzeko inprimakiaren eredua http://www.euskadi.eus web orrian dago eskuragarri, eta eskariak Eusko Jaurlaritzako Elikagai Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara bidali beharko dira.  Pertsona fisikoek modu presentzialean eta elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskariak, eta pertsona juridikoek, berriz, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte.