Gobernu Kontseiluak onartu du Segurtasun Sailaren eta Euskal DYA Federazioaren artean lankidetza-hitzarmen bat izenpetzea larrialdien eta babes zibilaren arloan. Hitzarmen berriak aurrekoa, 1995ekoa, ordezkatuko du, eta Federazioaren eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren arteko koordinazioa sakonduko du, erakundearen izaera humanitarioa eta borondatezkoa balioetsita.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren helburua da pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea arrisku kolektibo larrietan, hondamendi eta lazeria publikoko egoeretan eta zerbitzu eta operatibo ezberdinak koordinatzea edo horiek esku hartzea eskatzen duten beste hainbat larrialdi-egoeretan.
Alde horretatik, Segurtasun Sailak koordinatuta bideratzen ditu zerbitzu ezberdinak, larrialdi-egoerei erantzunik egokiena eman ahal izateko, kalteak ezabatzera edo murriztera bideratutako babes zibileko planak eta taktika operatiboak garatuz.
Hitzarmenak jasotzen ditu, besteak beste, boluntarioek babes zibilaren eta larrialdiei aurre egitearen arloan egin beharrekoak, mobilizazio-sistema eta erabilgarri izango diren baliabideak eta bitartekoak.