2021-2022 ikasturteko unibertsitate-beketarako 28,5 milioi euro bideratu ditu Hezkuntza sailak

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu du 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako deia egiten duen agindua. Deialdi honetan, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ere jasotzen dira. Orotara, Hezkuntza Sailak 28.560.000€ milioi euro bideratzen ditu unibertsitate-beketarako, gorago aipaturiko bi laguntza-lerro horietan.

Deialdi honetara zuzendutako aurrekontua, dena den, handitu egin ahal izango da, beharrezkoa balitz. Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek laguntza jasoko dutela, ezarritako kopuruetan, aurkeztutako eskabideen kopurua eta eskatzaile onuradunen kopurua edozein izanik ere.

2021-2022 ikasturterako deialdi honetan, Hezkuntza Sailak beken izapidetzea arintzeko helburua hartu du, beka eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jaso dezaten eta ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan dezaten, erantzuna baiezkoa bada. Horrela, beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek ahalik eta lasterren izango dute eskura dagokien laguntza.

Laguntzak eskatzeko epea uztailaren 1etik 30era izango da, biak barne. Eskabidea eta bekaren izapide guztiak elektronikoak izango dira.

1.- 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak: 28.460.000 euro

Beken deialdi hau, 28.460.000 euroko diru-kopuruarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleentzat da, 2021-2022 ikasturtean Autonomia Erkidego honetan edo Estatuaren gainontzeko tokietan kokatuta dagoen edozein zentrotan ondorengo ikasketak egin behar badituzte:

  • Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak
  • 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak
  • Goi-mailako arte-ikasketak.

Aurtengo berrikuntza nagusia “Ikaskuntzari laguntzeko eta eraldaketa digitalerako zenbateko osagarria» deritzon osagaian dago. Osagai horrek digitalizazioaren ikuspegia txertatzen du berritasun gisa. Horrela, beka bat lortzen duten unibertsitateko ikasleek urtean 300 euroko laguntza ere jasoko dute gutxienez (300 eta 475 euro artekoa, errenta-mugaren arabera). Kopuru hori gradu osoan mantenduko da, eta, horri esker, ikasleek ordenagailua edo ikasketetarako beharrezkoak dituzten beste elementu batzuk eskuratu ahal izango dituzte.

Beka jasoko duen ikaslea Euskadin erroldatuta egotea baldintza da oraindik ere, baina deialdi honetan malgutu egiten da zenbait kasutan. Erroldatze-irizpidea zabaldu egin da, eta, horrela, zerga-egoitza Euskadin duten familiek beka eskuratu ahal izango dute, nahiz eta EAEtik kanpo erroldatuta egon.

Bestalde, deialdi honetan errentan % 5eko kenkaria aplikatzen jarraituko da, iaz bezala, 2021ean Covid-19k ekonomikoki kaltetu dituen familientzat. Kenkari hori aplikatzeko, kontuan hartuko dira 2021ean zehar gutxienez hiru hilabetez gertatutako langabezia-egoerak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak, enplegu-erregulazioko espedienteak edo jarduera-itxierak (autonomoen kasuan).

2020-2021 ikasturte honetan, 11.294 euskal ikaslek eskuratu dute unibertsitateko beka orokorra, bere osagaietakoren batean edo zenbaitetan, hala nola:

  • Matrikula osagaia: matrikularen zenbatekoa prezio publiko ofiziala izango da, 2021-2022 ikasturtean zerbitzu akademikoetarako ezarritakoa.
  • Ikaskuntzari laguntzeko eta eraldaketa digitalerako zenbateko osagarria: unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten ordenagailu, liburu eta materialaren gastuetan laguntzea da osagai honen helburua.
  • Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa: ezohiko osagaia erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko.
  • Hiriarteko joan-etorriak: osagai honen helburua da ikasleari laguntzea familia-egoitzatik ikastetxerako (Euskadi barnean) garraioaren gastua arintzen.
  • Probetxu akademikoa: ikasleen lana saritzen du osagai honek, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxienez 60 kredituko matrikula egin bazuten, eta 2020-2021 ikasturtean emaitza akademiko onak izan badituzte.
  • Egoitza: ikasleek, ikasketak direla-eta, egoitzaz aldatzeko egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzen duen osagaia da

2.- Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak: 100.000 euroko diru-kopurua

Dirulaguntza hauek ematen dira mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publikoak, egokituak izanik ere, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren, beste pertsona baten laguntza behar badute. Ikasle bakoitzari emango zaion gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da.