Iñaki Arriola sailburuari elkarrizketa Radio Euskadiko Boulevard saioan

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak gaur egungo egoera politikoa eta Sailaren ekimenak errepasatu ditu Radio Euskadiko Boulevard programan. Arriolak hutsik dauden etxebizitzei buruzko etorkizuneko dekretua azaldu du eta horren funtzio soziala azpimarratu du: hutsik dauden etxebizitzen parke pribatua mobilizatzea da bere xedea, etxebizitza bat behar duten pertsonen eskura jartzeko. Sailburuak adierazi du zenbait kasutan justifikatuta egongo dela etxebizitza hutsik egotea, eta, beraz, horietan ez dela aplikatuko dekretuak abian jartzen duen hutsik dauden etxebizitzen kanona.

Sailburuak Mugikortasun, Garraio eta Hiri Agenda Ministerioarekin eta ADIFekin euskal Y-an aurrera egiteko egiten ari diren lanak azaldu ditu, eta legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzak Euskal Trenbide Sarearen bidez gauzatzen ari den Gipuzkoako adarreko lanak amaituko direla azpimarratu du. Ildo horretan, Ministerioarekin obraren egoera aztertu dutela eta «zentzuzko epeak» ezarri dituztela aditzera eman du.

Era berean, Donostialdeko trenbide-pasabidearen 2. zatiko lanak laster hasiko direla iragarri du, atzo bertan sinatu baitzen obraren zati hori amaitzeko kontratu berria. Arriolak azaldu duenez, eraikuntza jarduera aurreratuenak erabiliko dituzte bertan.