Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak ohartarazi duenez, Euskadik bizi duen eraldaketa garai honek «segurtasun-sare bat ehuntzea eskatzen digu, zaurgarritasun globaleko uneetan norbait atzean gera ez dadin». «Sare hori enpleguan inbertitzen duen sarea da, eraldaketa horri bultzada emango diona, aurrerapen ekonomikoa bultzatuko duena, eta, aldi berean, gizarte-kohesioa indartuko duena. Eta, azken batean, krisi honetatik berdintasunean, demokrazian eta oparotasunean sakonduz ateratzea bilatzen duena, inor atzean gera ez dadin», zehaztu du.
Gizarteratzeko I. Jardunaldiaren irekieran, Mendiak adierazi du «inor atzean ez uztea ez dela eslogan bat, baizik eta gobernu honen uste sendo bat eta konpromiso bat, baina, gainera, gizarte honen erronka bat ere badela»; izan ere, eraldaketa demografiko, energetiko eta digitalek ezin dute desberdintasun gehiago sortu, «ezin baitira egon lehen eta bigarren mailako pertsonak, ez gizonak eta emakumeak, ez adinekoak, ez gazteak, ez eta lehen eta bigarren mailako enpresak».
Hori dela eta, lehendakariordeak gogorarazi du inklusioa «ez dela errukia, ez dela soilik kalteberenak babestea», baizik eta eskubide bat dela, eta, horregatik, «proiektu inklusibo batek tresna osoak eman behar dizkiola pertsona bakoitzari bere bizi-proiektu autonomoa definitu ahal izateko». Tresna horietako lehena, azaldu duenez, enplegua da, eta horrek esan nahi du «eraldaketa soziala, enpresei ematen dien aurrerapenaren bidez, eta erabateko gizarteratzea, zentzurik zabalenean, langilearentzat, baldintza duinetan garatzen denean, bizitza independentea izateko adinako soldatarekin, segurua dena, eskubideak dituena eta berdintasunean oinarritua».
Gizarteratzeko Plan berria
Mendiak pertsona guztientzako kohesio-motor hori defendatu du, haien egoera, generoa, adina eta jatorrizko gaitasunak edozein direla ere, «denok dauzkagulako, inor baztertu gabe, garatu beharreko trebetasunak eta egin beharreko lana, eta denok, inor baztertu gabe, aukera berdinak izan behar ditugulako». Baina balio hori enplegagarriak ez direnentzat ere defendatu du, lan egin dutenentzat eta erretiro duina hartu behar dutenentzat eta langileen seme-alabek osotasunezko bizitza garatu ahal izan dezaten.
Horretarako, Lan eta Enplegu Saila gizarte-kohesioaren helburua lortzen duten aldaketa eraldatzaileak hedatzen hasi da: 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia, Lanbide Hobetzen proiektua eta Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea.
Dagoeneko abian diren prozesu horiekin batera, lehendakariordeak iragarri du jardunaldi honekin Gizarteratzeko Euskal Plan berria lantzen hasiko dela, datorren urtean onartuko dena, eta, gainerako proiektu guztietan bezala, «parte-hartzailea izan dadila nahi dugu, gaur arte egindakoari buruzko azterketa zorrotza izan dezan abiapuntu, indargune eta ahulezia guztiekin, baina, batez ere, anbiziotsua izan dadila agertzen diren aukeren aurrean, asko baitira». Horregatik, eskerrak eman dizkie jardunaldiko parte-hartzaileei «segurtasun-sare hori ehuntzeko» hartu duten konpromisoagatik eta egin dituzten ekarpenengatik.