Soinuaren eremua egiteko lehiaketa publikoa abiatu du Azpeitiko Udalak

0
Azpeitiko Udalak Soreasuko Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua egokitzeko lehiaketa publikoa abian du. 522.244€koa izango da gehienezko inbertsioa eta urtebeteko epean bukatuta izatea aurreikusten da. Ainara Larrañaga kultura batzordeburuak, orain artean Dinamoan sortutako «kultur dinamika aberastera»etorriko den eremua izango dela azpimarratu du. 

Azpeitiko Udalak herriko kultur talde eta kultur sortzaileentzat azpiegiturak egokitzen jarraitzen du. Bide horretan, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak herriko eragile eta norbanakoekin egindako parte hartze prozesuan jasotako ondorioak aintzat hartuta, soinuaren eremua egokitzeko obrak egiteko lehiaketa publikoa abiatu du.

Soinuaren eremuaren aurretik, hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuak egokitu zituen, eta gaur egun martxa onean funtzionatzen dute.

Soiruaren eremuan, bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta hiru gela balioanitz izango dira, besteak beste. Dinamoko lehen solairuan kokatuko da, eta soinuaren eremua egokitzean, lehen solairu osoa kultur sorkuntzarako azpiegitura egokitua izango da. Soinuaren eremuaren gehienezko aurrekontua 522.244€koa izango da eta esleipendunak 12 hilabeteko epea izango du obrak bukatzeko. Proiektuak ekainaren 9a arte aurkez daitezke udaletxean.

“Dinamoa sormen guneak kultur disziplina ugariren inguruko mugimendua sortu du. Pozgarria da sortzaileak kultur espazioan lanean ikustea, eta soinuaren eremua, hori aberastera etorriko da. Aurreikusi bezala, azpiegitura osatzeko obrak faseka egiten ari gara, eta azken fase honekin eremu guztiak izango ditugu osatuta. Hala, lehen solairu osoa kultur sorkuntzarako egokituta geratuko da”, adierazi du Ainara Larrañaga kultura batzordeburuak.