Tasa judizialak pertsona fisiko edo juridiko batek auzitegietara jotzen duenean eta Justizia Administrazioa erabiltzen duenean ordaindu beharreko zergak dira. Hau da, pertsona batek zibil-arloan, administrazioarekiko auzien arloan edo lan-arloan demanda edo errekurtso bat jarri nahi badu, diru-kopuru bat ordaindu beharko du zerbitzu horregatik (tasa horiek ez zaizkie aplikatuko zigor- eta militar-arloei). Baina, zenbait egoeratan ez dira tasa horiek ordaindu behar.
Tasa judizialak ordaintzeko salbuetsita dauden kasuak hurrengoak dira (horietakoren bat salbuespenekin):
- Eskaerak edo errekurtsoak gaitasunarekin, seme-alabatasunarekin, ezkontzarekin eta adingabeekin lotuta daudenean.
- Izapideak oinarrizko eskubideak babesteari buruzkoak direnean.
- Zordunak hartzekodunen borondatezko konkurtsoa eskatzen duenean.
- Funtzionarioek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen dutenean beren estatutu-eskubideak defendatzeko.
- Prozedura monitorioetan edo hitzezko judizioetan 2.000 euro baino gehiago eskatzen ez direnean.
- Errekurtso bat jartzen denean eta administrazio-isiltasun negatiboa edo administrazioaren jarduerarik eza dagoenean.
- Eskaria Kontsumoko Arbitraje Batzordeek emandako laudoak betearazteko denean.
- Hartzekodunen konkurtsoa administratzen duen pertsonak akzioak hasten dituenean konkurtsoaren masaren intereserako.
- Ondare bat judizialki zatitu nahi denean.
Badira tasa judizialik ordaindu behar ez duten pertsonak eta erakundeak ere:
- Doako laguntza juridikorako eskubidea duten pertsonak.
- Fiskaltza.
- Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoak, toki-erakundeak eta horien guztien mendeko erakunde publikoak.
- Gorte Nagusiak eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrak.
- Tasa judizialei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu «Zer dira tasa judizialak» JustiziaEusen.