Herritarrek kirol gehiago egiten dute pandemiaren ondorioz

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko “Jarduera Fisikoa eta kirola pandemia garaian” ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Bilbon. Azterketa egiteko 18 urtez gorako Euskal Autonomia Erkidegoko 1.000 laguni egin zaie inkesta telefonoz apirilaren 13tik 15era bitartean.

Ondorio nagusien artean azpimarratzekoa da herritarrek kirolarekiko duten interesa handia dela eta batez ere osasunean dituen onurak azpimarratzen dituztela. Pandemiaren ondorioz herritarren % 29k onartzen du lehen baino jarduera fisiko gehiago egiten duela. Hala ere, aldatu egin da kirola egiteko modua herritarren %21arentzat eta orain kirol gehiago egiten da kalean, kirol instalazioetatik kanpo. Horrek eragin zuzena du kirol instalazio eta gimnasioen jardueran. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxoan kaleratu zituen 2020. urteko estatu-mailako eta/edo nazioarteko lehiaketatan parte hartu zuten kirol taldeek eta kirol instalazioek edo gimnasioek Covid-19aren ondorioz izan dituzten kalteak arintzea xede duten 2021eko diru-laguntzak. Guztira 206 klub eta kirol instalazio eta gimnasiok jasoko dute laguntza.

Kirolarekiko interesa

Euskadin, kirolarekiko interesa handia da: kirola bere osotasunean hartuta, herritarren % 77k adierazi dute kirolarekiko interes handia edo nahikoa dutela. Gainera, 0tik 10erako eskalan, euskal herritarrek kirola egiteko 7,2ko interesa dutela adierazi dute. Adierazle horiek apenas aldatu dira 2017tik, aurreko inkesta egin zenetik.

Covid-19 pandemiaren ondoren, gainera, handitu egin da biztanleriaren zati batek ariketa fisikoari edo jarduera fisikoari ematen dion garrantzia; hala, % 31k diote gaur egun jarduera fisikoari garrantzi handiagoa ematen diotela pandemiaren aurretik baino.

Kirolari buruzko iritziak

Iritzi orokorra da kirolak osasunean (% 79) eta umorean (% 74) dakartzan onurei dagokienez; gainera, gehiengoak uste du kirolaren bidez balioak lantzen direla (% 55) eta besteekin erlazionatzeko aukerak eskaintzen dituela kirolak  (% 54). Hala ere, 2017. urtearekin alderatuta, apur bat gutxiago dira, besteekin harremanak izateko eta nazionalitate eta kultura desberdinetako pertsonen arteko hurbilketa errazteko, kirola bitarteko gisa ikusten dutenak.

2017an gertatzen zenaren antzera, oraindik ere aldeak daude kirol mota desberdinen inguruko iritzien artean: euskal herritarrentzat interesgarriena «denontzako kirola» da (% 53) eta, «eskola-kirolarekin» batera, erakundeen babes handiena izan beharko lukeena dela uste dute (% 36 denontzako kirola eta % 34 eskola-kirola); baina izatez, herritarren ustez erakundeen babes handiena duen kirol mota «kirol-ikuskizun profesionala» da (% 66).

Kirol Jarduera

Herritarrak bi taldetan banatuta agertzen dira: bizitza nahikoa edo oso aktiboa dutenak (% 54), eta bizitza ez oso aktiboa edo batere aktiboa ez dutenak (% 41). Pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta, % 29k diote orain ariketa gehiago egiten duela, % 16k gutxiago eta % 54k lehen beste egiten dutela. Gainera, normalean, bere aisialdian biztanleriaren  % 41ek bakarrik egiten du nahi lukeen jarduera fisiko guztia.

Nolanahi ere, biztanleriaren % 66k adierazi du gutxienez kirol bat egiten duela. Adinaren arabera, nagusienak dira kirola modu erregularragoan egiten dutenak, eta kirolen bat egiten duten 65 urtetik gorako gehienek asteko egun guztietan egiten dute (% 53), intentsitate moderatuarekin gehienak (% 79); aldiz, gazte gehienek asteko egun batzuetan soilik praktikatzen dute, ez egunero, baina modu biziagoan. Kirola egiten dutenek, batez beste, 8,3 ordu egiten dituzte astean.

“Ibiltzea” da gehien egiten den kirola (% 46), alde handiarekin gainera. Ondoren datoz, bigarren talde batean, «mendian ibiltzea» (% 25), «txirrindularitza, mountain bikea» (% 24) eta «gimnasioko jarduera fisikoa» (% 23). Hirugarren mailan daude «igeriketa» (% 14) eta «korrika egitea» (% 12). Eta gutxiago aipatzen da «muskulazioa, kulturismoa edo halterofilia» (% 7).

Kirola egiteko modu berriak

Herritarren % 21ek kirola egiteko modu berriren bat erabiltzen dute edo erabili dute, hala nola, youtubeko kanalak, web-orriak edo entrenatzaile pertsonalak; batez ere, gazteenen artean ( % 37k 18-29 urtekoen artean). Halaber, kirola egiten dutenen % 40k teknologia berriko aparaturen bat erabiltzen dute, hala nola, erloju adimendunak, pultsometroak, GPSak, etab; neurri handiagoan ere gazteenen artean (% 43k 18-29 urtekoen artean eta % 51ak 30-45 urtekoen artean).

Pandemiaren eragina

2017ko datuekin alderatuta, kirol-jardunean aldaketa batzuk atzematen dira, pairatzen ari garen pandemiaren ondorio izan daitezkeenak. Hauek nabarmenenak:

  • Abonatu gutxiago kirol-instalazioetan, batez ere, kirol-instalazio edo gimnasio publikoetan (% 29, 2017an % 39 ziren); kirol-klubetan (% 15, 2017ko % 24ren parean); eta, apur bat gutxiago kirol-instalazio eta gimnasio pribatuetan (%12, aurreko %13ren aldean). Federazio-lizentzia duten pertsonen kopurua ere zertxobait txikiagoa da (% 12k gutxienez lizentzia bat dute, eta 2017an, berriz, % 16k).
  • Oro har, salbuespen batzuekin bada ere, gehien igo diren kirol-motak aire zabalean egiten direnak dira, leku itxietan egiten direnen kaltetan.
  • Gehiago egiten da kirola bakarrik (kirola egiten dutenen % 45, eta 2017an % 42 ziren) eta, batez ere, familian (% 22, 2017an % 9), eta gutxiago dira kirola lagun-talde batekin (% 24, 2017an % 33) eta taldean (% 4, lehen % 10) egiten dutenak.
  • Era berean, kirola gehiago egiten da modu librean, antolatu gabe (% 87, 2017an % 75 ziren) eta aire zabalean ( % 72, 2017an % 60), eta gutxiago kirol-instalazio publikoetan (% 11, 2017ko % 27ren aldean).

Pandemiak kirolaren ekosisteman izan duen eragina Gaia erakundeak Kirolaren Euskal Eskolarako 2020an eginiko azterketa batean ere atzematen zen. Ikerketa horren arabera, pandemiak eragin handia izan du Euskadiko kirol ekosistemak sortzen dituen lanpostuetan. Sektore askotan, bi langiletik batek pandemiaren eragina pairatu du. Eragina bortitzagoa izan da, gainera, lan-profil zaurgarrienetan: aldi baterako kontratuak, autonomoak, etab. Eragina ekosistema ia osoan izan bada ere, kirol zerbitzuetako enpresek eta klubek eragin esanguratsua pairatu dute.

Kluben kasuan, beren funtzionamenduarekin zuzenean lotuta dauden lanpostuen % 14 baino ez da egonkor mantendu. Langileen % 37k Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteren bat izan du eta klubek sorturiko lanpostuen % 49 desagertu egin da, zuzenean.  Kirol zerbitzuetako enpresen kasuan, langileen % 20k Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteren bat izan du eta langileen % 44aren kasuan ez da lan-kontratua berritu. Kirol federazioen barruan, lanpostuen % 18 mantendu da egonkor bakarrik eta % 27k ABEEren bat izan du.

Gaiak egindako ikerketaren arabera, kluben % 52arentzat lehiaketa edo partidetako tiket edo sarreren ondoriozko diru-sarrerak desagertu egin dira eta % 45ek babesleen diru-sarrerak galdu ditu. Kirol zerbitzuetako enpresan % 55ek diru-sarrera guztiak galdu ditu 2019ko ekitaldiko horiekin alderatuz gero. Diru-sarreren galeraren ziorik nagusiena (% 47) ikastaro ezberdinen etetea izan da; horren atzetik lehiaketa edo partidetako sarrerak saldu ez izana dator. Ez dago diru-sarrerak erabat galdu dituen kirol federaziorik baina horien % 29k dio diru-sarreren % 20-50 bitartean galdu duela.

COVID laguntzak

Pandemiak kirol jardueran eta kirolaren ekosisteman izan duen eragina nabarmena izanda Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak joan den martxoan kaleratu zituen 2020. urteko estatu-mailako eta/edo nazioarteko lehiaketatan parte hartu zuten kirol taldeek eta kirol instalazioek edo gimnasioek Covid-19aren ondorioz izan dituzten kalteak arintzea xede duten  dirulaguntzak. 2020ko martxoaren 14a eta abenduaren 31 bitartean langile bat edo gehiago Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedientean eduki izana ezinbesteko baldintza izan da laguntza hauek jasotzeko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak 821.000 euro banatuko ditu ezarritako baldintza guztiak betetzeagatik onartutako 206 eskaeraren artean.

Guztira, 118 kirol instalaziok eta gimnasiok 4.067 euroko laguntza jasoko dute. Gainera, klubek egindako beste 88 eskaerek ere batez beste 3.802 euroko laguntza jasoko dute pandemiaren ondorioak arintzeko.

Kirola adin txikikoetan

Adin txikikoen kirol jardueraz galdetuta, gurasoen iritziz, 4-16 urteko seme-alaben jarduera fisikoa murriztu egin da: % 78k uste dute beren seme-alabek bizitza aktiboa edo oso aktiboa zeramatela pandemiaren aurretik, eta pandemia garaian % 58ra jaisten da hori bera uste dutenen portzentajea.

Gurasoen % 49k urtebete barru beren seme-alabek eskola-ordutegitik kanpo orain baino jarduera fisiko eta kirol-jarduera gehiago egitea espero dute, baina % 46k uste dute orain baino gutxiago egingo dutela.

Euskal Selekzioak

Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko inkestan Euskal Selekzioen inguruan ere galdetu zaie herritarrei. 10 pertsonatik 7 baino gehiago Euskal Futbol Selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan Euskadiren ordezkari gisa jokatzearen alde daude ( % 74), eta nazioarteko lehiaketa ofizialetan euskal kirol-selekzioak egotearen aldekoak lirateke (% 73 kirol guztietan eta % 7 kirol batzuetan).