Sorkuntza bekaren bidez egindako koadro bat azpeitiarren eskura utzi du Miriam Quintanak

0
Miriam Quintana sortzaileak iazko kultur sorkuntzarako beken bidez, naturako materialekin eta margoekin egur gainean esperimentatu zuen. Sormen prozesu horretan sortutako margolanekin Bizipenak erakusketa osatu zuen eta maiatzean izan da ikusgai Azpeitian. Orain, erakusketari izena ematen dion Bizipeak margolana herritarren eskura utzi nahi izan du, Emakume Txokoan.

Quintanaren hitzetan artelan bakoitza pertsona batengan pentsatuta egin du: “Azpeitira bizitzera etorri nintzenetik, familiaz aparte niretzat garrantzitsuak izan diren pertsonei zuzendutako lanak dira”, zehaztu du. Margolan horietako bat, emakumeei zuzenduriko da, eta herrian ikusgai jarri nahi zuen: “Bizipenak margolana Emakume Txokorako egokia dela iruditzen zait, eta bertan jartzeko proposamena luzatu nien, eta gaurtik hementxe izango da”, gaineratu du.

Eneritz Albizu kultura zinegotziak egindako lanagatik zoriondu eta bere eskuzabaltasunagatik eskertu nahi izan du: “Azpeitia denon artean egiten dugula esatean, horrelakoez ere ari gara. Herria guztiok egiten eta osatzen dugu, bakoitzak beretik eta bere modura. Benetan eskertzekoa da Miriamen lana eta bere lana herriari ematea”.

Sormen beken helburua kultur sortzaile berriei baliabideak eskaintzea izan da hasieratik; bueltan, herritarrentzako aberasgarri izateko: “Miriamena da horren adierazlea, beka jaso zuen, sormen prozesua egin du, erakusketa ere bai herritarrek ikus dezaten, eta, gainera, koadro bat herritarren eskura utzi du Emakume Txokoan. Ziklo oso bat osatzeko aukera eskaini dio bekak”, azpimarratu du.