Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa

0
Fuente: Irekia.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratiko Faktoria programan elkarrizketatu dute gaur goizez, irrati horrek Bilboko Unamuno Institututik egin duen saio berezian.

Amaitzear den ikasturte zail honen inguruan, sailburuak azaldu du hasiera-hasieratik egin zela aurrez aurreko eskolen aldeko apustua ikasturte honetarako, bai ikastetxe eta irakasleek, bai Hezkuntza Sailak berak ere. Alde horretatik, Ikasleek, irakasleek zein gurasoek egin duten lan izugarria azpimarratu du, eta beraz, sailburuaren esanetan, gizarte guztiari dagokio orain, ikasturtea amaitzear dela, hezkuntza komunitate osoari eskerrak ematea.

Bildarratzek azaldu du, irailean kargua hartu berritan zuzendaritza taldeekin lehen bilerak izan zituenean, Hezkuntza Sailak argi izan zuela ikasturtean aurrera egingo bazen talde-lanean izan beharko zuela. Halaxe izan da 2020-2021 ikasturte honetan zehar, eta zuzendaritza taldeekin izaten ari diren bilerei dagokienez, aurreratu du ikasturte amaierako bilerak datozen egunetan izango direla berriro: ekainaren 14ko astean sare publikoko zuzendaritza taldeekin, eta 21eko astean itunpeko ikastetxeetakoekin.

Datorren 2021-2022 ikasturterako aurreikuspenaz, hitz bat azpimarratu du Hezkuntza sailburuak: zuhurtasuna. Hezkuntza Saila une honetan Osasun Sailarekin eta hainbat ikastetxetako zuzendaritzekin ari da datorren ikasturterako protokolo eta neurriak aurreikusten, baina zuhurtasun printzipioari eutsiz, Bildarratzek nabarmendu du aurtengoen oso antzekoak izango direla. Onartu du, dena den, nerabeen txertaketak egoera aldatzen lagunduko lukeela.

Euskal Hezkuntza Lege berriaz galdeturik, Bildarratzek eragileekin hitz egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du, baina azaldu du garbi dagoela legerako elementu inportanteak zeintzuk diren: Ikaslea ardatz hartzea; Ikastetxeen ahalduntzea; beste erakundeekiko harremana, udalekikoa eta aldundiekikoa bereziki; eta kohesioa.

100.000 ordenagailu

Amaitzeko, azaldu du, Hezkuntza Sailak bi ikasturtetan ia 100.000 ordenagailu erosi dituela sare publikorako, ahalegin izugarria eginez (35.000 ordenagailu 2020-2021 ikasturte honetarako izan dira, eta 60.000 daude aurreikusita 2021-2022rako). Edukiak bezalaxe, euskarriak ere garrantzitsuak direla gehitu du Bildarratzek, oraindik ere gure gizartean desberdintasun handiak baitaude familia batzuetatik besteetara. Ordenagailu hauekin, Hezkuntza Sailaren helburua da Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Batxilergoko bigarrenerainoko ikasle guztiek ordenagailua izatea.