Gotzone Sagardui: «Gaur gainditu egingo dugu Euskadin gutxienez dosi batekin txertatutako milioi bat pertsona»

0
Fuente: Irekia.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Radio Euskadiko «Boulevard» saioan, eta, bertan, azpimarratu du gaur Euskadik gainditu egingo duela gutxienez dosi batekin txertatutako milioi bat pertsona. Une honetan, 999.423 pertsonak dute dosi bat. Gotzone Sagarduik ziurtatu duenez, txerto gehiago iristen badira, txerto gehiago emango dituzte, ez baita gaitasun kontua. «Horrela erakutsi dugu», gaineratu du. Ildo horretan, aurreikusitako bidalketak iristen badira, hurrengo kolektiboarekin jarraitu ahal izango dutela gaineratu du.

Udari begira, sailburuak txertoaren jarraibidea betetzera deitu ditu herritarrak, norberarengatik eta ingurukoengatik, ahalik eta babes handiena izan dezaten lehenbailehen. «Txertoak edukitzeak suposatzen duen aukeraz kontziente izatea eskatuko nieke», adierazi du.

Pandemiaren bilakaerari buruz, Osasun sailburuak esan du «itxaropenerako arrazoiak» ditugula, kutsatzeen beherakada motel baina sendoan gaudelako eta txertaketa prozesua azkar doalako. «Aste honetan bertan 49 eta 40 urte bitartekoen txertaketarekin hasi gara», adierazi du. Hala ere, azpimarratu du zuhurtasunari eutsi behar zaiola, «pandemiak aurrera jarraitzen duelako». Hori horrela, sailburuak esan du oraindik goiz dela maskara baztertzeko.

Era berean, lehen mailako arretaren presentzialtasunaz galdetuta, Sagardui sailburuak esan du «horretan» ari direla, eta azaldu du presentzialtasunera itzultzeko prozesua urriaren amaieran hasi zela, baina moteldu egin dela gorakaden ondorioz. «Guztiok eskatzen dugu, Osakidetzako profesionalengandik hasita, uste baitute presentzialtasuna ordezkaezina dela pazienteekin duten harremanean», adierazi du.