EAE-ko 2022ko aurrekontuek inbertsio-plan handia barne hartuko dute, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak, gaur, 2022ko EAEko aurrekontu orokorrak prestatzeko aurrekontu-jarraibideak onartu ditu, ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko asmoz. Horretarako, inbertsio-plan handia diseinatu eta abiaraziko da, datozen urteotarako apustu handiak sustatuko dituena eta hiru trantsizio handiei erabakitasunez eta bermez heldu ahal izateko aukera emango duena: trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziala eta osasun-arlokoa; azken hori erronka demografikoak markatzen du.

2022ko aurrekontuek Covid-19aren ondoriozko krisi-egoerari eta ondorio ekonomiko eta sozialei egin behar diete aurre, eta gobernu-ekintzaren helburu nagusiei erantzun behar diete. Hasiera-hasieratik, politika ekonomikoaren erantzuna irmoa izan da, ondorio ekonomikoak arintzeko, aprobetxatuz Europako Batzordeak zerga-politika hedakorra bultzatzea erabaki duela, Egonkortasun eta Hazkunderako Itunaren babes-klausula orokorra aplikatuz. Horrek aukera ematen du aurrekontu-egonkortasunaren, gastu-arauaren eta zor publikoaren arloan bete beharreko baldintzak aldi baterako desbideratzeko, 2023ra arte, eta, aldi berean, berreskurapenerako salbuespenezko ekimen bat abiarazteko, Next Generation delakoa.

“Aurrekaririk gabeko 2023a izango da; horretarako, inbertsio publikoa maximizatu beharko da eta, horrela, baimendutako mugak estutu eta eskuragarri dauden baliabide guztiak erabili”, esan du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburuak. Hala, salbuespenezko egoerak, zerga-arauen etenarekin, gastu-araua berriro abian egon aurretik inbertsio-plan horri berehala heltzera bultzatzen du; beraz, “inbertsio publikoa 2022ko aurrekontuaren ezaugarria da”.

Horrekin batera, zeharkako ardatz izaten jarraituko du genero-ikuspegi globalak, pasa den legealditik sustatzen denak. Horren bidez, aurrekontuek genero-ikuspegi integrala dute, eta, haren bidez, genero-berdintasuna lortzeko ekimen esplizituak finantzatzea helburu izateaz gainera, politiken eta horien tresnen analisian ere badago presente.

Bi alderdi horiek sendotzeko –inbertsioa eta genero-berdintasuna–, Euskadiko sektore publikoko sailen, erakundeen eta entitateen inpaktu-txostenak prestatu beharko dira, aurrekontuen proiektua zehaztu aurretik; hura urriaren 26an onartuko da Gobernu Kontseiluan.

2020-2022 Euskadiko ekonomia

Udatik izan diren kutsapen-olatuen ondorioz, atzeratu egin da Covid-19aren krisialdiaren irteera, bai inguruneko herrialdeetan bai Euskadiko bertako ekonomian. Testuinguru horretan, Euskadiko ekonomiak urrats garrantzitsua eman du krisialditik irteteko prozesuan, eta, lehen hiruhilekoan, dagoeneko errebote esanguratsua antzematen da argitaratu diren martxoko datuetan; datu horiek hazkuntza handia erakusten dute bigarren hiruhilekorako, batez ere industrian.

EUSTATen kontu ekonomikoek pasa den astean erakutsi bezala, Euskadiko ekonomiak, 2021eko lehen hiru hiletan, hiruhilekoen arteko BPGd-aren aurrerapenak izan dituzten elkarren segidako hiru hiruhileko finkatzen ditu: 2020ko lehen hiruhilekoan % 15,5; 2020ko laugarren hiruhilekoan % 0,5, eta 2021eko lehen hiruhilekoan % 0,2.

Euskadiko koadro makroekonomikoa, 2020-2022

  2020 2021 2022
BPGd -9,5 6,7 5,7
Amaierako kontsumoa -7,5 6,1 4,8
    Etxeko kontsumoa -10,7 6,9 5,8
    Herri Administrazioetako kontsumoa 4,5 3,4 1,9
KFEG -11,6 8,4 6,4
Barne-eskaria -8,5 6,6 5,2
Kanpo-eskariaren ekarpena -0,6 -0,1 0,3
BPGd nominala -9,6 7,3 6,8
BPGd deflatorea -0,1 0,6 1,1
Enplegua (lanpostuak) -8,1 4,9 3,2
Pertsona okupatuak -2,4 1,5 1,7
Langabezia-tasa 10,5 10,1 9,5

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza