Ikasleen guraso elkarteen Federazio eta Konfederazioen dirulaguntzetarako 350.000 euro

0

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza sailburuaren proposamenez, unibertsitatez besteko ikasleen guraso elkarteen Federazio eta Konfederazioentzako dirulaguntzetarako deia egiten duen Agindua onartu du. Deialdi honek 350.000 euroko diru kopurua du orotara.

Laguntzak Federazio eta Konfederazioek beharrezko dituzten azpiegitura gastuei aurre egiteko emango dira, elkarteen laguntza eta aholkularitza gastuei aurre egiteko, gurasoen formakuntza jarduerek eragindako gastuei aurre egiteko, edo ikasleei zuzendurik elkarte horiek antolaturiko eskolaz kanpoko jardueretarako.

Formazio-jarduerei dagokienez, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren ildo estrategikoei lotutako prestakuntza sustatzen du deialdi honen bidez Hezkuntza Sailak, eta, bereziki, honako ildo hauek: hezkuntza-komunitatearen prestakuntza; hezkuntza inklusiboa eta aniztasunarekiko arreta; elebitasuna hezkuntza eleaniztunaren esparruan; material didaktikoak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.

Deialdi honetan, familiei zuzendutako prestakuntzan gaitasun digitalak lehenestea gomendatzen da. Izan ere, familia batzuek zailtasunak dituzte edo izan dituzte seme-alabei laguntzeko, Covid-19k eragindako osasun-egoeran.

Ekintza hauek guztiek 2021an burutuak izan beharko dute. Gehienez jardueraren kostuaren %50 ordaindu ahal izango da laguntza hauen bidez.