Idoia Mendia bat dator Mercedesekin elkarrizketa sozialak etorkizunera egokitzeko duen garrantziaz eta enplegu-aukera berrien aldeko apustua egiten du

0

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak Mercedes Vitoriako ordezkariekin hitz egin du gaur, elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren garrantziaz agertoki berrietara egokitzeko, eta apustu sendoa egin du datorren hamarkadan sortuko diren enplegu-aukeren alde.

Sailaren ildoak ezagutzera emateko eta bere politiketan eraginkortasun handiagoa izateko ekarpenak jasotzeko euskal eragile ekonomiko eta sozialekin egiten ari den bilera-sortaren barruan, Mendia Gasteizko Mercedeseko zuzendari nagusi Emilio Titosekin, Giza Baliabideetako zuzendari Rodrigo Navarrorekin eta Ekoizpen eta Garapen Saileko buru Urtza Llonarekin bildu da. Bileran parte hartu dute, halaber, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak eta Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak.

Hitzorduari esker, Mercedeseko ordezkariei Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren ildo nagusien berri eman zaie. Estrategia horrek arlo horretako politika publikoak markatuko ditu datorren hamarkadan, eta kalitatea, berdintasuna eta prestakuntzarako eta aktibaziorako eskubide berri bat ezartzea izango ditu helburu.

Mendiak Mercedesen garrantzia azpimarratu du, EAEko industria nagusietako bat baita, 4.500 pertsona ingururi zuzeneko enplegua ematen baitie, automobilgintzaren sektorean ezegonkortasun handia dagoen une honetan, mundu osoan. Ildo horretan, Gasteizko lantegiaren enpleguaren aldeko apustua egin du, industria, teknologia eta jasangarritasuna eraldatzeko sortzen ari diren aukerei lotuta, batez ere. Gainera, gogorarazi du mugikortasun iraunkorra Europako diru-laguntzetan jasotako funtsezko elementuetako bat dela.

Esparru horretan, lehendakariordeak adierazi du, Euskal Estrategiak aurreikusten duen bezala, hurrengo hamarkadan enplegu-aukera ugari sortuko direla, eta, horregatik, ezinbestekotzat jo duela «negoziazio kolektiboaren eta ituntzearen aldeko apustua, egungo krisiak dituen arazoak konpontzeko eta agertoki berrietara egokitzeak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko tresna onenak diren aldetik».

«Akordioa eta lankidetza funtsezko faktoreak izango direlako Euskadiko erreskate ekonomiko eta sozialaren prozesuan eta berreraikuntzan, eta erronka horretan ezinbestekoa da Gobernu guztiok bat egitea, udaletatik hasi eta Europaraino, baita enplegua sortu eta aberastasuna sortzen duten guztiek ere, enpresariekin eta langileekin», gaineratu du.