Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak koordinazioa indartu dute

0

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak bi polizia-kidegoen arteko koordinazio operatiborako hitzarmen eguneratua izenpetu dute gaur Arabako hiriburuko udaletxean, herritarren segurtasuna hobetzeko, ikerketak optimizatzeko eta biktimei eta polizia-zerbitzu bat eskatzen duten pertsonei gertuko arreta emateko.

Hitzarmen berria izenpetzeko Gasteizko udaletxean egin den ekitaldian bi polizia-kidegoen buruzagitzak elkartu dira, eta aurrerantzean aldian behin elkartuko dira Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren koordinazio operatiboaren arloan hartutako konpromiso eta akordio guztien jarraipena egiteko.

Koordinazio Operatiboko Mahai Teknikoak baliabideen kudeaketa garatzen eta bateratzen jarraituko du, eta dispositibo bateratuak planifikatuko ditu eta polizia-intereseko informazioa trukatzeko modua zehaztuko du. Delitu-motak, bereziki “delitu estrategikoak”, ere aztertuko ditu.

Bestalde, protokoloan jaso da Udaltzaingoaren eskumen-esparrua polizia judizialaren lanetan, bai eta adierazgarriak izan daitezkeen delitu-egintzengatik partekatutako eskumenetan ikerketen koordinazioa ere, bikoiztasunak eta interferentziak saihesteko, eta erabilgarri dagoen informazioa osatzea eta teknikoki lankidetzan jardutea beharrezkoa denean.

Herritarren arretarako baterako bulegoa

Bi kidegoen arteko lankidetza-mailaren adierazle gisa, eta baliabideak optimizatzeko, komenigarritzat jotzen da herritarrei arreta emateko polizia-instalazioak partekatzea. Horrela, Ertzaintzak Udaltzaingoaren esku jarriko du Olagibel kalean, 34. zenbakian dagoen HABa, Herritarren Arretarako Baterako Bulegoa izateko eta, besteak beste, salaketak, eskaerak, iradokizunak eta abar formulatzeko.

Hitzarmeneko beste protokolo espezifiko batzuek barne hartzen dute Gasteizen lankidetzan jardungo dela genero-indarkeriako kasuen kudeaketaren edo identifikazioaren arloan.  Koordinazioa trafikora eta bide-segurtasunera ere hedatuko da, eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bakoitzak bere eskumenak gauzatuko dituzte hiriak azken urteotan izan duen hazkundea, sortu berriak diren hiri eta industria aldeak eta hiriko eta hiriarteko bide-sarean izandako aldaketak kontuan hartuta.