Udaberria mende honetako lehorrena izaten ari da

0

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, udaberri meteorologikoa –martxoa, apirila, eta maiatza hartzen dituena– oso edo guztiz lehorra izaten ari da, eta mende honetako lehorrena izaten ari dela esan daiteke, eta Gipuzkoaren kasuan azken 50 urteotako lehorrena. Batez besteko tenperatura, orokorrean, balio normaletan ibili da, 0,1 °C gainetik, eta salbuespena kostaldea izan da, ekialdeko muturrean epela izan baita eta mendebaldekoan hotza.

Euskalmeten arabera, Euskadi gehienean prezipitazio-kopuruak udaberri osoan 200 l/m² inguruan edo hortik behera ibili dira, eta Araba hegoaldean 100 l/m²-tik behera. Estazio bakarrak, Eskas estazioak bakarrik, gainditu ditu 300 l/m². Ia lurralde osoan urte-sasoi honetan espero zitekeen euriaren erdia baino gutxiago egin du, eta azken 50 urteotako edo gehiagotako udaberririk lehorrena izango litzateke, beraz, bereziki Gipuzkoan, salbuespena Goierri izanik. Bilbo Handian egungo balioak 2011koen antzekoak dira, eta azken urteotako udaberririk lehorrena dela esan daiteke, beraz.

Datu aipagarri gisa nabarmendu daiteke egun gutxi batzuetan bakarrik egin duela euri asko, eta solik nabarmentzen dira martxoaren 19a eta apirilaren 11, bai eta bi egunen artean izandako 20 eguneko aldi lehorra ere. Bestalde, maiatzean prezipitazio ugariak eta konbektiboak izan dira, ekaitzak tarteko, eta estazio batzuetan errekorrak hautsi dira. Horrela, Zaldiaranen, Derion eta Sangronizen ordubetean botatako prezipitazioen intentsitateak, mende honetan erregistratutakoak, gainditu dira. Gauza bera gertatu da 10 minutuan erregistratutako intentsitateekin ere Zaldiarango eta Alegiako estazioetan.

Tenperaturari dagokionez, batez besteko balioak normalak izan dira; nahiz eta ekialdeko itsasertzean epelerako joera izan duten eta mendebaldekoan hotzerakoa. Kostaldean erregistroak 13 ºC inguruan ibili dira eta Arabako Lautadan 10 ºC inguruan, gutxi gorabehera lurralde osorako normala denaren gainetik 0,1 ºC, 1981-2010 aldi normalaren arabera. Mende honi dagokionez, aurtengo udaberria hotzenetakoa izaten ari da.

Kontraste adierazgarriak izateaz gainera, tenperaturek errekor batzuk hautsi dituzte. Alde batetik, errekorrak hautsi zituzten martxoaren 30eko eta 31ko tenperatura maximoek (Oleta 30,5 °C; Mungia 29 °C); eta, bestetik errekorrak hautsi zituzten apirilaren 16ko tenperatura minimoek ere (Berastegi -2,9 °C; Orozko -1 °C).

Bestalde, tenperatura minimoek errekorrak hautsi dituzte altuak izan direlako ere, bai martxoan, hilaren 30ean eta 31n (Mungia 20 °C; Zarautz 19,2 °C), bai apirilean, zehazki hilaren 24an (Elorrio 17,3 °C; Derio 16,6 °C).

Intsolazioari dagokionez, EAE osorako batez bestekoa %11n gainditu du, eta ehunekoa handiagoa izan da Araba barnealdean eta ekialdeko itsasertzean, eta txikiagoa mendebaldeko itsasertzean.