Urkulluk Arku Atlantikoaren Batzordearen Batzar Nagusiari hasiera eman dio

0
Fuente: Irekia.

Lehendakariak Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Nagusiaren bilkura ireki du. Gaur goizean egin da, modu telematikoan, Euskadiren lehendakaritzapean. Esparru horretan, Europako gobernantzan eta EBren berreskuratze-funtsei buruzko erabakietan parte-hartze handiagoa izatea eskatu du, eta, aldi berean, egungo «Itsas Estrategia Atlantikoa» aldarrikatu du, baita «Makroeskualde Atlantikoa» sortzeko proposamena ere.

Lehendakariarentzat, batzar hau proiektu atlantikorako bereziki garrantzitsua den une batean egin da, Europako Etorkizunari buruzko Biltzarra abian jarri eta gizarte zibilak bere ekarpenak egiteko aukera duenean, baita Next Generation EU programak ere abian jarrita, «europarren arteko elkartasuna sortzeko aurrerapausoa» izan daitezke-eta, haren ustez.

Hitzaldian adierazi du Arku Atlantikoko lurraldeek elkarrekin egiten diotela aurre Covid eta Brexit osteko errealitate berriari, eta hori dela eta, bere poza adierazi du Galesek «proiektu partekatu honetan» parte hartzeagatik.

«Estrategia bat eta lan-plan bat ditugu, gure Erkidegoak bultzatzera eta Arku Atlantikoa indartzera bideratua, Europaren aldeko bokazio erabatekoan eta lankidetzan oinarritutako proiektu batean» esan du, eta lankidetzaren adibide gisa energia berriztagarriak, konektibitatea, kultura eta turismoa aipatu ditu.

Hitzaldiaren beste une batean, Iñigo Urkulluk «apaltasuna eta zuhurtzia» nabarmendu ditu egungo pandemia-testuinguruan «ikasitako ikasgai» gisa, eta elkartasuna eta lankidetza bultzatzeko beharraren alde egin du. «Arku Atlantikoko Batzorde hau, hain zuzen ere, lankidetza-esparrua da» adierazi du.

Lehendakariaren ongietorria jaso ondoren, goi-mailako bilera bat egin da, «Itsas estrategia atlantiko batetik makroeskualde atlantiko baterantz» izenburupean. Bilera horretan, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Mikel Antón Europako Gaietarako zuzendariak parte hartu dute.