Javier Hurtado: “Suspertze fasera goaz eta, beti bezala, sektorea sustatuz eta sektoreari lagunduz jardungo dugu”

0
PRUEBA

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Bilboko Merkataritza Ganberako Merkataritza, Ostalaritza eta Irudi Pertsonalaren Kontsultarako Batzordean parte hartu du gaur. Ganberako kontsultarako batzorderik zaharrenetako bat da eta Ganberako Osoko Bilkuran merkataritza, ostalaritza eta irudi pertsonalaren sektoreko eta hainbat azpisektoretako enpresak ordezkatzen dituzten kideek osatzen dute.

Sailburuak egungo egoerari eta Sailaren lan-ildo nagusiei buruzko hausnarketa orokorra egin du bere esku-hartzean, eta COVID-19ak merkataritzan eta sektorean izan duen eraginaz eta Sailak egoerari aurre egiteko aurkezten duen estrategiaz hitz egin du.

Sailburuak aztertu duenez, une hauetan adierazleek iragartzen dute onera egingo dela maila guztietan, bai ekonomian eta enpleguan, bai enpresen eta kontsumitzaileen konfiantzan. Euskadin pandemia garaian galdutako enpleguaren % 80 berreskuratu da, eta enplegu gehienak zerbitzuen sektorekoak dira. Era berean, 2021eko lehenengo hiruhilekoko merkataritzako salmenta-adierazleak ere positiboak dira, eta leundu egin da Gizarte Segurantzako afiliatuen beheraldia. “Horrek guztiak zerikusi zuzen-zuzena du kontsumitzaileen konfiantzarekin, 2021ean pixkanaka onera egin baitu, Espainian 55,7tik 89ra, 2019ko maiatzaz geroztik izan den zifrarik altuena izanik”.

Sailaren erresistentzia-planak 107 milioitik gora eman ditu, diru gehiena zuzeneko laguntzetan banatu du, baina baita beste neurri batzuetan ere, besteak beste, kontsumoko bonuetan edo sustapen-ekintzetan. “Erresistentzia-fasetik irten eta suspertze-fasera goaz, adierazle guztiek seinalatzen duten moduan, eta prozesu horretan sektoreari laguntzen eta sektorea sustatzen arituko gara”.

Sailburuak adierazi duenez, sailaren lerro estrategikoak gobernantzan oinarritzen dira, eta bertan lehentasun osoa du erakundeen arteko lankidetzak eta sektorearekin elkarlanean jarduteak. “Turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren zeharkakotasuna sustatuko dugu, kontsumo arduratsu eta jasangarriaren ikuspegitik”, esan du amaieran sailburuak.