URA-k eta Añarbek Usurbilgo Aginaga auzoko saneamendua gauzatzea adostu dute

0

Añarbeko Urak-ek eta Ur Agentziak 6,26 milioi euro inbertituko dituzte azken honek ekainaren 7an lizitatu dituen Aginagako saneamenduko obrak egiteko. Lanak amaitu ondoren, hondakin-uren isurketa guztiak ezabatuko dira Oria ibaiaren beheko ibilgura.

Jarduketa hori egingo da, hain garrantzitsua den saneamendu-azpiegitura gauzatzeko xedearekin bi erakunde horien artean sinatu den lankidetza-hitzarmenari esker. Jarduketa hori azken urteotan biziki eskatu du Usurbilgo Udalak.

Saneamenduko obra horiek amaitzen direnean, Aginagako hondakin-urak konektatuko dira Usurbil-Lasarte-Oria-Hernani hodi-biltzaile nagusira, eta Donostiako Loiola auzoan kokaturik dagoen araztegira garraiatuko dira. Bertan, tratatuak izango dira eta ondoren, Monpaseko urpeko hustubidetik, itsasora isuriko dira.

Saneamenduko azpiegitura berri horien mantentze eta ustiapena Usurbilgo Udalaren eta Añarbeko Urak-en artean egingo da, eta helburu horrekin sinatu dute dagoeneko akordio bat: Ponpatze-estazio berriak eta kolektore nagusiak Añarberen kontura izango dira, eta sare sekundarioen kudeaketa, berriz, udalaren kontura izango da.

Aipaturiko obren lizitazio-aurrekontua 5.412.372 eurokoa da eta 21 hilabeteko egikaritze-epea du.  Ur Agentziak finantzatuko ditu % 60an eta Añarbeko Urak-ak % 40an. Azken honek eginak ditu jada: alternatiba ezberdinen azterlana, proiektuaren azken idazketa, ingurumen-txostenak eta obrak okupatuko dituzten lurren kudeaketa, guztira 848.941 euro.

Proiektuaren deskribapena

Obren xedea da, Usurbilgo Aginaga eta Txokoalde auzoetako hondakin-urak -gaur egun zuzenean Oria ibaira isurtzen direnak- jasotzea. Horretarako ibaiarekiko paraleloan joango den kolektore berri bat gauzatuko da. Aginagako eremu baxuenetik irtengo da (Txiñorta izenarekin ezagutzen da) eta Usurbil-Lasarte Oria-Hernani hodi-biltzaile nagusiarekin konektatuko da Usurbilgo Zumartegi poligonoan (Osinaldeko hondakin-uren ponpatze-estazioaren ondoan, 2016. urtean eraikia).

Obra hauek jasotzen dute: hondakin-uren bi ponpatze-estazio berri eraikitzea (Txokoalde eta Aginaga), antzeko ezaugarriak izango dituztenak (dimentsioak, hodien banatzea, balbulak eta fatxadak) eta 4.263,99 metro luzera izango dituen kolektore-sare bat (125 eta 600 mm arteko diametroekin).

Txiñorta-tik irtengo den kolektorearen lehen zatia Aginaga HUPEra iritsiko da eta 1.695,52 metroko luzera izango du. Adar nagusiak 855,02 metroko luzera eta 400-600 mm arteko diametroa izango du, eta hormigoi armatuan eraikiko da. Kolektore sekundarioen sarearen luzera 840,50 metrokoa izango da eta 315 mm-ko diametroko PVCko hodia erabiliko da. Obrak amaitu ostean, kolektore-sare honen ustiapen eta mantentzea Usurbilgo Udalak kudeatuko du eta azpiegitura hidrauliko berriaren gainontzeko elementuak Añarbeko Urak-ek kudeatuko ditu.

Aginaga HUPEaren barne-dimentsioa 6,0 x 8,9 metrokoa izango da eta sakonera gutxi gorabehera 7,75 metrokoa izango da. Bulkatze-ponpa bakoitzaren potentzia 5,5 kW izango da eta txandaka funtzionatuko dute.

Aginaga HUPE-Txokoalde HUPE kolektorearen luzera 930 metrokoa izango da eta ezaugarri hauek izango ditu: lehen 105 metroak bulkadan, 125 mm-ko diametroko burdinurtu harikorreko hodi batekin; gainontzeko 770 metroak grabitatez, 315 mm-ko diametroko PVCko eroanbide batekin; eta azken 55 metroak (Oria ibai gurutzatzeko erabiliko direnak), 400 mm-ko diametroko PVCko hodi batekin.

Txokoalde HUPEaren barne-dimentsioa 6,0 x 8,9 metrokoa izango da eta sakonera gutxi gorabehera 10 metrokoa izango da. Bulkatze-ponpa bakoitzaren potentzia 13,5 kW izango da eta txandaka funtzionatuko dute. Estazioko gainezkabideak bahe bat izango du, matxura gertatuko balitz urak dituen solido flotatzaileak Oria ibaira iritsi ez daitezen.

Txokoalde HUPE-Osinalde HUPE kolektoreak 1.638,47 metroko luzera izango du, eta bi zati izango ditu: bat bulkadakoa, 828,52 metroko luzera izango du (burdinurtu harikorra eta 150 mm-ko diametroa) eta beste zatia, grabitatekoa, 767,15 metroko luzera izango du (PVCkoa eta 315 mm-ko diametrokoa). Azkenik, 42,80 metroko kolektore txiki batek (PVCkoa eta 315 mm-ko diametrokoa) Txokoaldeko etxebizitzak ponpaketa-estazioarekin konektatuko ditu.