Gerra-ekintzen eta gosearen arteko lotura aztertzeko metodologia aurkeztu dute

0
PRUEBA

Munduan gatazken eta indarkeriazko ekintzen ugaritzeak eta enkistatzeak lotura zuzena du elikadura-segurtasun eza areagotzearekin, eta, beraz, gosearen zifrekin. Food Security Information Network (FAO eta MEParen ekimena) delakoaren elikadura-krisiei buruzko txostenaren arabera, 2020an, mundu osoko 135 milioi pertsona gosetea pairatu zuten, eta, horietatik, 77 milioi gatazkan dauden 22 herrialdetan zeunden.

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak diruz lagunduta,  Gosearen aurkako Ekintzak eta Hegoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak analisi metodologiko bat garatu dute, gatazka-eremuetako indarkeria-ekintzen eta elikadura-segurtasun ezaren arteko lotura ulertzeko.

Gaur goizean, Bilbon aurkeztutako metodologia sortu da datuen bilketa eta azterketa indartzeko, eta txostenak egiteko egungo mekanismoa osatzen du, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 2018ko maiatzaren 24an onartutako 2417 Ebazpenarekin bat etorriz. Ebazpen horrek gaitzesten du gosea gerra arma gisa erabiltzea, eta legez kanpotzat jotzen du behar duten zibilei laguntza humanitarioa ukatzea.

Ekitaldia Paul Ortegak, eLankidetzako zuzendariak aurkeztu du. Bertan, Eusko Jaurlaritzak horrelako ekimenen alde egiteko arrazoiak azaldu ditu, instituzioak lehenesten dituen gatazka egoerak eta erakunde humanitarioen sendotzearekin bat datozenak: “Ezagutza sortzen duten eta mundu osoko sistema humanitarioa elikatzen duten proiektu berritzaileen aldeko apustua egiten dugu”, esan du. Zentzu horretan, Ortegak azpimarratu du “pauso bat eman nahi dugu 2417 Ebazpena ezartzeko eta gosea gerra arma gisa desagerrarazteko”.

Gatazka testuinguruetan gosearen mugatzea

Gerrek eta gatazkek biztanleriaren desplazamenduak eragiten dituzte, eta haien bizileku eta bizimoduetatik aldendu behar izaten dira babes bila. Horrek sortzen du gosearen eta gatazkaren arteko gurpil zoroa indartzea. Manuel Sánchez-Monterok, Gosearen aurkako Ekintzako Intzidentzia zuzendaria, esan du: “oraindik ere, gatazkak dira pertsonen elikadura-segurtasun ezaren arrazoi nagusia eta eragin gehin dutena; % 50eko igoera 2019ko datuekin alderatuta. Gosearen aurkako Ekintzatik gosea murrizten duten ezagutza eta ekimenak sustatzen ditugu. Horretarako, gatazketan gosea arma gisa ez erabiltzeko neurriak martxan jartzeko lanean ari gara”.

Bukatzeko, Karlos Perez de Armiñok, Hegoa Institutuko ikerlariak, azaldu du “Herritarren artean gosea nahita eragitea historian zehar egon diren gerretan egiaztatutako praktika izan da, baina azken urteotan nabarmen gora egin du”, eta, gaineratu duenez, “elikagaiak eskuratzea galaraztera bideratutako gerra-taktikak anitzak dira, laboreak suntsitzetik eta ganadua hiltzetik, hirietako setioraino eta elikagaien laguntza oztopatzera”.

Ikertzaileak gogorarazi du beharrezkoa zela honelako metodologia bat, kasu bakoitzak praktika horiek dokumentatzeko eta elikadura-intseguritate nola sortzen duten analizatzeko, “ez bakarrik hobeto ezagutzeko, baizik ete horiekin bukatzeko”.