Euskadiko gorren komunitateak zeinu hizkuntzaren izena esleitu dizkie Urkulluri eta bere kabineteko kide bakoitzari

0

Iñigo Urkullu lehendakaria eta bere kabinetea osatzen duten hamaika sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Irekia atarian gaurtik ikusgai dagoen bideoaren protagonistak dira.  Irudietan, sailburuek pertsona gorrek komunikatzeko baliatzen dituzten zeinu pertsonalak erakusten dituzte, sailburu bakoitzak berea. Taldeko bideo horretaz gain, sailburu bakoitza identifikatzen duen zeinua ikus daiteke Irekia-ko bere profil ofizialean txertatutako animazio txiki baten bidez. Argazkian klik bakar bat eginda, GIF animatu bat zabaltzen da eta bertan gobernu kide bakoitzak bere izena adierazten du zeinu hizkuntzan.

Honako hau Euskal Gorrak (Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa) eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ekimena da eta gorrekin enpatizatu eta haien hizkuntza ikusarazi eta gizarteratzea du helburu, gaur Estatuan ospatzen den Zeinu Hizkuntzen Eguna dela eta. Halaber, ekimen honekin zeinuen mintzaira sustatu eta bultzatzen dutenek eta komunikazio eta kultura hizkuntzatzat aldarrikatzen dutenek egindako lana eta ahalegina aitortu nahi da.

Pertsona gorrek ematen dute zeinu pertsonala, eta pertsona bat izendatzeko beharretik sortzen da zeinua. Zeinua pertsona bati erreferentzia egiten dio identitate markatzailea da eta ahozko hizkuntzan pertsonen izen propioen funtzio bera du. Izendapen horrek zeinu pertsonala jasotzen duen pertsona gorren komunitatean sartuta dagoela adierazten du. Halere, badaude komunitatetik kanpo dauden pertsona ospetsuak eta garrantzitsuak zeinu hori jasotzen dutenak.

Kasu askotan, zeinua jasotzen duen pertsonaren itxura bisuala edo portaera adierazten dute, baina beste ezaugarri batzuk ere adieraz ditzakete. Horrela, Eusko Jaurlaritzako kideei esleitutako zeinuak pertsonaren itxurari erreparatzen diote gehienbat (sarritan, ileari), kasu bakanen batean edo bestean nortasunarekin edo portaerarekin ere lotuta badaude ere. Euskal Gorrak federaziotik azaldu dutenez, Urkullu lehendakariak “beti eramaten du ile motzagoa alboetatik eta, beraz, buruko albo batean duen guraizeen zeinua eta U (abizenaren hasierako letra) lotzen dira, eskuzko konfigurazio bera baitute. Bi lehendakariordeen kasuan ere, erreferentziazko markagailua ilea da eta, horrenbestez, Josu Erkorekari esleitutako zeinua bere abizena gehi ilearen forma adierazten du eta Idoia Mendiaren kasuan hain bereizgarri izan ohi duen kopeta-ile zuzena adierazten du zeinuak.