Lehendakariak ziurtatu du Cristobal Balenciaga balioak euskal gizartearenak ere badirela, eta adierazi du Euskadiren asmoa dela bere kultura- eta sorkuntza-jardueraren kalitateagatik ezagutua izatea. Iñigo Urkullu Getariako Cristóbal Balenciaga Museoaren 10. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldiaren buru izan da gaur eguerdian. Ekitaldi horretan 2011-21 Legatua partekatuz erakusketa digitala aurkeztu da, urteurren hori ospatzeko.
Pandemiaren egungo testuinguruari dagokionez, Lehendakariak Gipuzkoako museoko profesionalen taldearen «konpromisoa eta egokitzeko gaitasuna» aitortu nahi izan du; izan ere, «hilabete zail» hauetan teknologia berriak indartu ditu, nazioarteko biltzar bat antolatu du eta erakusketa oroigarri bat aurkeztu du taldeak.
«Balenciagaren oinordekoak zarete, garai zailenetan bilduma gehiago sortu, negozioa zabaldu eta egoitza berriak ireki baitzituen», esan die.
Bere iritziz, hamargarren urteurrena abiapuntua da hamar urte barru zernolako Euskadi nahi dugun «pentsatu eta amesteko»: «gizarte aurreratu bat, garapen jasangarri eta lehiakorrean oinarritua, berdintasuna ezaugarri duena, kulturaren eta sorkuntzaren garrantziagatik ezaguna dena».
Era berean, gogorarazi du Cristobal Balenciaga Museoa kultura- eta sormen-erakunde, -entitate eta -eragileen euskal sistemaren parte dela. «Bauhaus berrian, Europako etxean, dugun lekua hobetzeko sistema bat» –esan du amaitzeko.