«The FOOD GLOBAL ECOSYSTEM» proiektuarekin elikadura berritzailerako ekosistema egokiena bezala aurkeztu da Euskadi

0

Elikaduraren sektoreko 60 enpresa inguru eta erakundeetako ordezkariak egon dira «The Food Global Ecosystem» ekimena aurkezteko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak presidituta egin den ekitaldian. Balio proposamen publiko pribatua da ekimena, eta bere asma da elikaduraren munduan posizionatzea, Euskaditik eta bokazio internazionalarekin.

The Food Global Ecosystem proiektua baliagarria izango da enpresak, berrikuntza proiektuak, talentu ekintzailea eta startupak Euskadira erakartzeko, bai eta proiektuak eskalatzeko ere, gero eta handiagoa den nekazaritzako elikagaien eremuan, beren alderdi teknologikoetan (agritech, foodtech eta gastronomytech).

«Enpresei eta ekintzaileen beharrei begira egongo da beti ekosistemaren jarduera. Proiektuaren irismena eta anbizioa globala izango da, baina betiere lurraldearentzat eragile berriak eta baliozko proposamenak erakartzeko eta sortzeko helburua kontuan hartuta.

Epe ertainera, helburua da Euskadi berrikuntza teknologikoan eta elikaduraren alorreko ezagutzan munduko erreferente nagusietako bat izatea», azpimarratu du Tapia sailburuak.

Ekosistemak EAEko zein EAEtik kanpoko 60 enpresa inguru biltzen ditu, eta Euskadiko elikadura katearen ikerketa, berrikuntza eta digitalizazioa bultzatzeko aktiboen eta zerbitzuen sarea izango du; tartean egongo dira, esaterako, HAZI, ekimenaren eragile koordinatzailea eta katalizatzailea, NEIKER, nekazaritza arloko proiektuen ikerketa zentroa, AZTI, ikerketa proiektuen eta elikadura teknologiaren sorkuntzaren eragile gisa, eta BASQUE CULINARY CENTER, talentua eta elikaduraren arloko ekintzaileak erakartzeko eragile nagusia eta gastronomiaren eremuko ekintzaileak. Era berean, ekosistemak Euskadiko Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen laguntza izango du.

Gaitasun publiko eta pribatuei esker, «The Food Global Ecosystem»-ek estrategia sendo bat garatu ahal izango du, balio katea jasangarritasunaren, osasunaren eta elikagaien segurtasunaren ikuspegitik eraldatzeko. Estrategia partekatua da, eta datozen 6 urteetan 500 milioi euro baino gehiago inbertitzea aurreikusten da. Horrez gain, Next Generation EU Europako finantzaketa esparruan parte hartuko duen enpresa hautagaitza indartsua izango da.

Euskadik nekazaritzako elikagaien estatuko PERTE bat bultzatuko du

Aurkezpenaren esparruan, Tapia sailburuak Next Generation funtsei iragarri die Euskadik nekazaritzako elikagaien estatuko PERTE bat bultzatuko duela, gastronomiaren eta elikaduraren ekosistema indartzeko eta kohesionatzeko asmoarekin, hazkunde jasangarria, sektorearen jarduera ekonomikoa, talentua erakartzea eta kalitatezko enplegua sortzea bultzatzeko, eta elikaduraren sektorea herrialdeko ekonomiarako sektore estrategiko gisa kokatzeko.

Ekimen honek enpresa berriak batzeko eta elikagaien industria osoan eragiteko asmoa du, eta bere ordezkarien artean mota guztietako enpresak ditu, izaera eta irismen geografiko desberdinekoak eta jarduera azpisektore desberdinetakoak, hornidura kate nagusiak ordezkatuz, hala nola esne industriarena, arrantzarena, haragiarena, landareena eta barazkiena, bai eta ekipamendu ondasunen fabrikatzaileak ere, sektoreak behar duen eraldaketa teknologikoa lortzeko.  Adibide moduan, Covap, Bolton Foods, Calidad Pascual, Angulas Aguinaga, Udapa, Eroski, Natur all, Ausolan, Hiperbaric, Blendhub, Grupo Apex, Martinez Somalo, Krean, Ulma Packaging, Plastigur, Riera Nadeu edo Balfego, besteak beste.

Nabarmentzekoa da enpresa txiki eta ertainek beren hornidura kateen bidez duten trakzio gaitasuna, eta, horrela, sektorearen eraldaketan parte hartzen duten enpresa handi eta txikien oreka lortzen da. Horiek guztiek elkarrekin 12.000 M€-ko fakturazioa egiten dute, eta 41.000 pertsona baino gehiagori ematen diete lana.

Partzuergoa lanean ari da klima aldaketaren, demografia aldaketaren eta industriaren digitalizazioaren erronkei erantzuteko, honako hauen bidez:

  1. Erronka demografikoari aurre egiteko irtenbideak, elikagai jasangarri eta osasungarri berriak garatuz (haurrak dituzten familien eta publiko seniorraren eskakizunak betetzera bideratuak).
  2. Ingurumenaren eraldaketa, azpielikagaiak minimizatzeko, berreskuratzeko eta balorizatzeko ekoeraginkorragoak diren industria prozesu berrien bidez, bai eta proteinak lortzeko eta ingurumenerako egokitutako ontzi eta bilgarriak erabiltzeko produktu eta prozesu teknologiko berri jasangarrien bidez ere.
  3. Smart Food Company 4.0ren diseinua, eraldaketaren, banaketaren eta salmentaren kate maila guztien bidez elikagaien ekoizpen primarioaren eta kontsumitzailearen arteko interkonexio digitala lortzeko eredua.

Enpresa berrikuntzako komunitate honek hainbat proiektu diseinatu ditu. Datozen asteetan, proiektu horiek osatu egingo dira, eta etorkizunean NextGeneration funtsen esparruan nekazaritzako elikagaien PERTE izateko hautagaitza aurkeztuko du.

Hautagaitza matrizez egituratuko da, sinergiak, baliabideen optimizazioa eta aktiboen transferentziarako aukera gehiago sortuz, bi tresna gakoren bidez: 8 eraldaketa palanka eta – orain arte – 18 berrikuntza proiektu; elikagaien erronkei lotutako proiektuak, hiru ardatz bertikaletan egituratuko direnak. Agritech, Foodtech eta Gastronomytech.

GOe (Gastronomy Open Ecosystem)

Eraldaketa palanka gisa, nabarmendu behar da berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarritutako gunea, Goe (Gastronomy Open Ecosystem) izenekoa, Basque Culinary Centerren gidaritzapean. Nazioarteko ikuspegitik, talentuaren erakarpena eta prestakuntza aurreratua izango dira jarduera ardatz nagusia. Eremu horrek alderdi fisiko bat eta komunitate digital bat izango ditu, ikasleak, ekintzaileak, ikertzaileak eta enpresak erakartzeko balioko dutenak, eta haiek elkartzera, batera sortzera eta trebatzera bideratuko dituztenak. Ikerketarako eta elkarrizketarako gune bat, talentuaren trebakuntza espezializatuan zentratuta prestakuntza jasotzeko leku bat, non ekosistema gastronomikoko eragileen arteko lankidetzaren bidez etorkizuneko gizarteak dituen erronkei erantzungo zaien.