Uda osorako bisita gidatuak antolatu dira Azpeitin

0
Larunbatean hasiko da Iraurgi Berritzen Garapen agentziak antolatutako bisita gidatuen denboraldia. Guztira, Vicente Davila historialariak diseinatutako 12 bisita gidatu desberdin izango dira aukeran uda osoan. Bisitak doakoak izango dira, baina osasun protokoloak betetzeko aforoak mugatuak direnez, aurrez izena eman beharko da.

Datorren ekainak 19an hasita, aurtengoak, Ignaziotar Urtearen testuinguruan antolatu ditu Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentziak, Loiola bailara – Loiolako Iñigo, bere garaia eta lurraldea izenburupean. Duela 500 urte Loiolako Iñigok bizi izan zuen eraldaketa pertsonala gogora ekartzeko antolatu du Jesusen Lagundiak Ignatius500 deitu dioten Ignaziotar urtea.

Urteurren honetako alderdi turistikoa jorratzearen ardura elkarbanatu dute Iraurgi Berritzen, Jesusen Lagundia eta beste zenbait erakundek, eta bisita gidatuen eskaintza hau testuinguru horretan kokatzen da.

12 bisita desberdin diseinatu dira, gehienak Loiola – Azpeitia – Azkoitia inguruan baina Zestoan, Aizarna edo Aizarnazabalen ere burutuko dira eskaintza honetako bisita batzuk.
Bisita hauekin eskualdeak bisitariari eskaintzen dion ondare artistiko eta monumentalari balioa eman nahi zaio. Vicente Davila Zestoako historialari eta gida turistikoak sortu ditu bisita horiek osatu dituzten kontakizun eta istorioak; eta bera arduratuko da bisitak gidatzeaz.