2021eko Lehiatu Berria programak 17,5 milioi euro inguruko laguntzak aurreikusten ditu nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Nekazaritzako produktuak, elikagaiak, eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritakoak eraldatzeko eta merkaturatzeko LEHIATU BERRIA programaren bidez 2021ean emango diren laguntzak iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emandako agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak.

2021-2022 ekitaldirako 17.480.000 euro bideratuko dira laguntza horiek finantzatzera. Azken lau deialdietan 50 milioi euro baino gehiagoren laguntzak eman dira programa honen bidez. 2020-2021 aldirako 13.255.000 euroko laguntzak ematea aurreikusi zen, baina jasotzen ari ziren eskabide kopuru handia ikusita, exekutibo autonomoak 2.525.000 euro gehiago ematea erabaki zuen. Beraz, azkenean 15.780.000 euroko laguntzak ematea erabaki zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura soilik finantzatuta.

 Inbertsioetarako laguntzak

Nekazaritzako produktuen, elikagaien eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean inbertsioak egiteko laguntzak dira. Zehazki, honetarako dira laguntzak:

  • Nekazaritzako produktuen eraldaketan, merkaturatzean edo garapenean inbertsioak egiteko laguntzak, eta basogintzako produktuen eraldaketara eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak egiteko laguntzak.
  • Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egitea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaien industrietan inbertsioak egitea, aurreko ataletan sartzerik ez badute.

Modalitatearen arabera, pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke onuradunak: nekazariak edo nekazarien elkarteak, nekazaritza kooperatibak edo nekazaritzako elikagaien enpresak, mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak. Inola ere ezingo dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeak.

Eskaera egiteko epea

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, https://www.euskadi.eus web helbidearen bidez.