250.000 euroko dirulaguntza zuzena ‘Aita Mari’ren ‘Maydayterraneo’ proiekturako

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, Salvamento Marítimo Humanitario elkarteari gehienez 250.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea onartu du, Aita Mariren Maydayterraneo proiektua garatzeko.

Dirulaguntza horren zenbatekoa honako hauetan laguntzera bideratuko da: Mediterraneoko itsas ibilbideak erabiltzen dituzten migratzaileen ontziei laguntzarako eta sorospenerako larrialdiari erantzuteko ekintzak garatzeko kostuak finantzatzen eta itsasoan giza eskubideen betearazpena monitorizatzen.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, interes publikokoa, sozialekoa eta humanitariokoa da ekintza horien garapena; izan ere, bizitzak salbatzen laguntzen dute, eta, gainera, erantzun egokiak antolatzen dira nazioarteko babes-eskatzaileentzat, errefuxiatuek Mediterraneoan jasaten duten krisi humanitarioari gizarte- eta politika-arlotik, erakundeen artean eta sailen artean ematen zaion erantzuna partekatuta orientatzeko esparru-dokumentuan jasotzen den bezala.

Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak, zeina Aita Mariren arduraduna baita eta larrialdietako profesionalek eta boluntario ugarik eratzen baitute, honako helburu hau du: itsasoan pertsonen bizitza babestea eta giza eskubideak defendatzea, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza du –ez bakarrik ekonomikoa–. Laguntza horrek Eusko Jaurlaritzak une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoerei arin erantzuteko duen konpromiso proaktiboari erantzuten dio.

Erdialdeko Mediterraneoko –Libia, Tunez, Italia eta Malta artean– bidearen bitartez Europara iristea lortzen duen pertsona-kopurua murriztu egin da azken urteotan, baina bide horrek jarraitzen du arriskutsuenetako bat izaten eta hildako eta desagertu gehien dutenetako bat izaten.

2021eko lehen bost hiletan, Andra Marik bi misiotan berrehun pertsona baino gehiago erreskatatu ditu: 148 otsailean eta 66 maiatzean. Era berean, pasa den hilean, bosgarren misioan, 95 zeramatzan patera baten bilaketan parte hartu zuen; azkenean, merkantzia-ontzi batek erreskatatu zituen.