Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur eguerdian, Tolosako Zuloaga Txiki aterpetxea bisitatu du; bertan, gaur egun, 20 pertsona bizi dira harreran, nazioarteko babesaren inguruko eskaerari buruzko ebazpena emateko zain.
Sailburuarekin batera, Xabier Legarreta bere saileko Migrazio eta Asiloko zuzendaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea izan dira. Bestalde, Patricia Bárcena CEAR-Euskadiko zuzendaria izan da anfitrioia.
Artolazabalek zorionak eman dizkio GKEari, zeinak urteurrena ospatzen baitu aurten; zorionak eman dizkio, “25 urteotan izan duen inplikazioagatik” eta “urteotan zuon laguntza jaso duten milaka pertsonentzat itxaropen-izpi” bilakatzeagatik.
Horrekin batera, erakundeen arteko elkarlanaren balioa ere nabarmendu du; izan ere, aterpetxea, CEAR-Euskadik kudeatzen duena, Tolosako Udalaren lagapena da. “Eskerrik asko, Olatz”, esan dio alkateari. “Finkatu dugun helburu honetan, oso garrantzitsua da erromesen aterpetxe honen udal-lagapena, guregana Gobernu garen aldetik laguntza eta babes bila datozen pertsonei arreta emateko”.
Sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak Harrera programa duela, Euskadiko geografiatik banatutako 13 pisurekin. Eta beste baliabide batzuk ere badituela, Tolosakoa modukoa, Berrizen eta Oñatin. Era berean, egoitza horien garrantzia nabarmendu du, haietan bizi diren pertsonek “arreta, babesa eta aterpea jaso ditzaten, muturreko egoera gordinetan eta gogorretan eginiko ibilbide fisikoa jasan ondoren”.
Era berean, Beatriz Artolazabalek berriro aldarrikatu du, Irunen egin zuen bezala, “migraziorako eta asilorako baterako estrategia”. “Erabakitasunez eta eraginkortasunez lan egin behar da, eskala globalean zirkulazio- eta bizileku-askatasuna lortzeko. Gobernamendu-esparru honek krisi humanitarioko egoeretan eta maila globalean, normaltasunez, eta, jakina, Batasunaren mugetan eta barneko mugimenduetan mugimendu seguruak egiteko aukera eman behar du”, esan du, eta, aldi berean, Aita Marik “munduko mugarik hilgarrienean” laguntza humanitarioa ematen jarraitzen duela gogorarazi du.
Azkenik, sailburuak gogorarazi du datorren igandean Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango dela, eta, hura ospatzeko, jai bat antolatuko dela Sailaren Babes Komunitarioa sustatzeko programako Siriako eta Euskadiko familiekin. “Jarraituko dugu aurrera egiten Euskadiko harrera-eredua zehazten eta ezartzen; lankidetza publiko-pribatua sustatuko dugu”, esan du Artolazabalek. Sailburuak nabarmendu duenez, gainera, gaurko bisita eta igandeko jaia “Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko gizarteak herri abegitsua eta solidarioa izateko egiten duten apustuaren sinbolo” dira.
Bestalde, Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu du urteak daramatzatela “CEAR- Euskadik errefuxiatuak hartzeko egiten duen lana bultzatzen eta laguntzen eta, horretarako, proiektuaren esku tutoretzapeko pisuak edo Zuloaga Txiki zentroa jartzen, Tolosako Gizarte Zerbitzuen eta zentroko pertsonalaren artean zentroko erabiltzaileen beharrei erantzuteko egiten den lan koordinatuaz gainera”. Eta Tolosan dauden migratzaileek eta errefuxiatuek udalerriari egiten dioten ekarpen handia nabarmendu du: “Udalerri anitza gara, eta aberasgarria da kultura eta jatorri desberdinetako jendea izatea. Guztiok gara erkidegoaren parte”.
Patricia Bárcena CEAR-Euskadiko zuzendariak honako hau esan du: “Zuloaga Txiki harrera-ereduko tresna malgua da, eta aukera eman die 110 pertsona ingururi, zabaldu zenetik, atseden hartzeko, jasandako indarkeriaren ondotik indarrak hartzeko eta haien gaitasun eta jakintzak eskaintzeko herri solidario eta konprometitu honi. Hori dela eta, eskerrik asko, bihotzez”. Hala ere, gogorarazi duenez, “oraindik erronka handiak ditugu aurretik, maila guztietan, gure presentzia beharrezkoa izateko benetako eraldaketa lortu arte”.
Hitz guztien ondoren, Artolazabal, Legarreta, Peon eta Barcena aterpetxeko instalazioak bisitatzera joan dira, Hassana Aaliaren azalpenekin; Hassana Aalia asiloko eskatzaile gisa iritsi zen, eta, gaur egun, Tolosako zentro honetan beste pertsona batzuei laguntzen dieten langileetako bat da.
ZULOAGA TXIKI, 2019KO ABUZTUTIK
Zuloaga Txiki aterpetxeak 2019ko abuztuaren amaieran zabaldu zituen ateak, 35 pertsonari arreta emateko gaitasunarekin. Aterpetxeak arreta, orientazioa eta laguntza eskaintzen dizkie bestelako baliabiderik ez duten nazioarteko babesaren pertsona eta familia eskatzaile eta onuradunei eta herrigabeei.
Instalazioak erromesen aterpetxea dira, eta 6 eta 12 plaza bitarteko logelak ditu; gizonek eta emakumeek partekatzeko komunak ditu, eta jangela bat, sukalde bat eta garbigailuen gunea.
Gaur egun, nazioarteko babesa eskatu duten edo laster eskatuko duten 20 pertsona daude bertan harreran. 2020an, 68 pertsonari eman zitzaien arreta, eta, 2021eko lehen bost hiletan, 36ri.
Zabaldu zenetik, guztira, 22 nazionalitatetako 110 pertsonak erabili dute baliabide hau.