Eusko Jaurlaritza, mugikortasun segurua eta jasangarria babestuz

0

Azpiegitura eta Garraioetako sailburuorde Pedro Marcok eta Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak “Juntos en el Asfalto” bide-segurtasuneko ekimenaren bosgarren edizioaren hasieran hartu dute parte astearte honetan. Ekimenari Gasteizen eman zaio hasiera Estatu-mailan. Ekimenari esker, txirrindularien segurtasuna indartu daiteke errepidean egiten diren irteeretan, doako laguntza-ibilgailu bat erabilita.

Pedro Marcok adierazi duenez, «mugikortasun aktiboa bultzatzeko —funtsezkoa Euskal Autonomia Erkidegoan mugikortasun jasangarrirako—, ezinbestekoa da errepideak partekatzen dituztenen segurtasuna sustatzen duten jardunbideetan aurrera egitea»; eta, arlo horretan, txalotu egin ditu hori ahalbidetzen duten ekimenak, bai arlo publikotik, bai arlo pribatutik.

Sonia Díaz de Corcuerak, bere aldetik, gogoratu du «gure errepideetako segurtasuna erantzukizun partekatua dela; horregatik, modu aktiboan lan egiten dugu kolektibo ahulak —tartean txirrindulariak— babesteko kontzientziazio- eta sentsibilizazio-ekintzak diseinatzen; horretaz gain, beste gidariekin bizikidetza sustatzen dugu».

Txirrindulariak ez ezik, motorzaleak eta oinezkoak ere barne hartzen dituen talde ahulen babesa etengabea da Eusko Jaurlaritzaren bide-segurtasuneko politiketan. Aurten, orain arte, txirrindulari bat eta hamaika motorzale —oinezko bakar bat ere ez— hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan zirkulazio-istripuan; 2020an, berriz, bi txirrindulari, bederatzi motorzale eta sei oinezko hil ziren.  Eusko Jaurlaritzak zifra horiek hobetzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Aurkezpenean Arabako Foru Aldundiak eta hiriko Udalak ere parte hartu dute, baita Hyundai etxeko —ekimenaren antolatzailea— ordezkariek, eta Elizbarrutiko Caritaseko eta Ultreya Mugimenduko kideek ere. Azken horiek hainbat autonomia-erkidegotan zehar ibiliko den txirrindulari-tropela sustatzen dute.