Eusko Jaurlaritzak EUSKARRI erakundearteko adierazpena onartu du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramiale Bingen Zupiriak jakinarazi du gaurko Gobernu Kontseiluan EUSKARRI izenburu duen erakundearteko adierazpena onartu dela. Adierazpen honek, arrazoi ezberdinak medio, euren haurtzaroa eta gaztaroa familia-, gizarte- eta hezkuntza-ingurune natural baten laguntzarik gabe bizitzera behartuta dauden pertsonen babesik eza eta sufrimendua ditu abiapuntu. “Tutoretzapeko adingabeen eta tutoretzapeko gazte ohien ahultasun egoera horri aurre egitea atzera ezineko erronka etiko bat dela gure gizartearentzat, euren gaurko sufrimendua arintzeko, eta euren etorkizuneko bazterketa-arriskuak saihesteko”, adierazi du sailburuak. Halaber, adierazpenak gogorarazten du COVID-19k areagotu egin dituela zailtasunak eta handitu egin dituela desberdintasun- eta ahultasun-egoerak.

Egoera hauei aurre egiteko, jarduera-ardatz batzuk eta lehentasunen programa bat ezarri dira, foru-aldundiek, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak, modu koordinatuan, helburu horrekin sortutako erakunde arteko lantaldearen bidez garatu nahi dituztenak. Bingen Zupiria sailburuak jakitera eman du lan-taldea Lehendakaritzan bilduko dela gaur arratsaldean adierazpen instituzional hau berresteko.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluak gaurko bileran hartutako beste erabaki batzuen berri eman du.

Horrela, jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak, Kontseiluaren azken bileran, onartu du ardoa eta txakolina destilatzeko edo biltegiratzeko erretiratzea, sagardo naturala ozpin bihurtzeabotilatutako ur minerala biltegiratzea eta artisautzako garagardoa egiten duten enpresen kaudimena babestea errazteko laguntzak arautzeko agindua. Bingen Zupiriak adierazi duenez, 10 milioi euroz zuzkitu dira laguntzak, eta beren helburua da merkatuko eskaintza orekatzea eta jarduerari eta horri lotutako enpleguei eustea.

Bestalde, Nekazaritzako produktuak, elikagaiak, eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritakoak eraldatzeko eta merkaturatzeko LEHIATU BERRIA programaren bidez 2021ean emango diren laguntzak onartu dituela Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, 17,5 milioi euro bideratuko dira laguntza horiek finantzatzera.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzako dirulaguntzen deialdia, hauek euren hizkuntza-proiektuak gara ditzaten. Deialdi honek 1,3 milioi euroko diru kopurua du.

Halaber, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak burutzeko dirulaguntzatarako deialdia, 930.000 euroko diru-kopurua duena.

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak ere onartu egin du Aita Mariren Maydayterraneo proiektua garatzeko  250.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea Itsas Salbamendu Humanitarioari.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskalgintza deituriko 2021eko deialdia, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko laguntza hauetara 1,3 milioi euro bideratuko dira eta 2021ean burutuko diren egitasmoak izango ditu kontutan.

Gaurko Gobernu Kontseiluak, gainera, 2021. Urtean goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak onartu ditu gaur. Eusko Jaurlaritzak urtero egiten du deialdi hau lehiaketa hauek kirola bultzatzeko pizgarri izateko asmoz; izan ere hitzordu hauek lehiarako marko bat eskaintzen die goi-mailako euskal kirolariei eta jarduera ekonomikoa ere sortzen dute.

Bestalde, cultura arloan, Gobernu Kontseiluak honako diru-laguntza hauek onartu ditu: «Itsas ondarearen esparruan kultura-balioa duten elementuei zuzendutakoak, baldin eta sustapen-, sendotze-, konponketa- eta egokitzapen-jarduerak behar badituzte erabiltzeko, betiere ondasunaren ezaugarrietara egokitzen badira eta esku-hartzearen xede den ondare-balioa nabarmenki gutxiesten ez badute». Zupiriak azaldu duenez, helburua zurezko ontzien jabeei mantentze-lanetan laguntzea da, gure portuetako paisaietan jarraitzeko, eta, orokorrean, gure ohiko itsaso-kulturaren alde egiteko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena