Egoera ahulean dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko Euskarri Estrategia bateratu dute Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek

0

Gaur aurkeztu da «Erakundeen arteko Euskarri adierazpena. Egoera ahulean dauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko estrategia partekatua«. Joan den ostegunean EUDELeko zuzendaritzak onartu zuen eta gaur goizean Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluek berretsi dute.

Hitzarmena sinatu duten erakundeek adierazi dute beren 12 lehentasunetan aurrera egiteko erabakia hartu dutela, eta erakunde arteko lantalde bat sortu dute hori garatzeko. Talde hori gaur arratsaldean eratu da Lehendakaritzan, EUDELen, hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin, eta bere lehen Lan Agenda onartu du.

Honako ezaugarri hauek dituen ibilbide-orria da Euskarri Estrategia:

  • Adingabeen eta 21 urtera arteko gazteen problematikari heltzen dio, baldin eta egoera ahulean badaude continuum gisa eta osotasunean eta etenik gabe heltzen badiote. Era berean, bertakoentzat eta atzerritarrentzat proiektatzen da.
  • Eskubide eta betebeharren filosofia bat pertsonalizatzean oinarritzen da. Erantzukizun-kontratu baten bidez; aurrekontratu bat adingabeen kasuan eta kontratu bat gazteen kasuan. Hitzarmen bat alde bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak ezarriko dituena. Adingabeek eta gazteek bizitza aurrera ateratzeko arduraz borrokatzeko konpromisoa hartzen dute; erakundeek hori posible egiteko sostengu-puntuak eskaintzeko konpromisoa hartzen dute.
  • Tutoretzapeko adingabeen kasuan, sostengu-puntu horiek hiru dira: Etxea, Orientazioa eta Prestakuntza. Tutoretzapean egondako gazteen kasuan: Gizarteratzea eta Laneratzea, Etxebizitza eta Bizi-laguntza. Helburua bizitza-autonomo proiektu baten alde egitea da.
  • Estrategia hori begirada paternalistatik zein edozein espiritu biktimistatik urruntzen da. Mezu hezitzailea da: bizitzan aurrera ateratzeko, gogor lan egin behar dela; eta hori egin ahal izateko, beharrezkoa dela sostengu-puntuak izatea. Tresnak eskaintzea eta erresilientzia bultzatzea eta pertsona bakoitzak egoera traumatikoak gainditzeko duen gaitasuna.

Tutoretzapeko adingabeen eta tutoretzapeko gazte ohien arazoak erronka etiko bat dira. Adinagatik helduaroaren berezko autonomia baliabiderik ez duten pertsonei eragiten die. Berdintasun-erronka bat ere bada, eta, pertsona horien kasuan, gizarteratzeko eta laneratzeko baldintzak sortzearen parekoa da. Azken batean, herrialde-erronka bat da, adingabeei eta gazteei eragiten diena, bai eta gizarte osoari eta haien aurrerabideari ere.

COVID-19k zailtasunak areagotu ditu eta egoera ahulenean daudenentzako desberdintasun-arrailak handitu ditu. Eragin handiagoa du pertsona, familia eta talde ahulenetan. Seguru asko, zaurgarritasun handieneko testuinguruetako bat familiarik gabeko haurrei eta bakarrik dauden gazte migratzaileei eragiten diena da. Azken batean, giza duintasuna eta bizikidetza bezalako gizarte demokratiko baterako hain estrategikoak diren balioak defendatu eta sustatu nahian gabiltza.

Kontzeptuzko esparru horretan, Euskarri Estrategiak jarraian laburbiltzen diren 12 lehentasun definitzen ditu.

  1. Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen arloko lehentasunak

 

Sostengu-puntu estrategikoa Lehentasuna
·I. Etxerako Sostengu-puntua. ·Share Proposamena sustatzea, erantzukidetasun-printzipioaren aplikazioa sustatzeko.
  ·Etxe-ereduak dibertsifikatzeko pilotajeen bultzada progresiboa.
·II. Orientaziorako Sostengu-puntua. ·Erakunde-tutoretza optimizatzeko lantaldea sortzea.
  ·Mentoria motako ereduen hedapen sozialerako erakunde bat sortzea.
·III. Prestakuntzarako Sostengu-puntua. ·Tokiko hizkuntzak ikasteko ibilbide espezifiko eta trinkoa antolatzea.
  ·Laneratzea dakarten lanbideei lotutako lanbide-orientazioa eta ziurtagiri profesional aitortuarekin amaitzen diren prestakuntza-prozesuak antolatzea.
  ·Enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza-eredu dualak garatzeko.
  1. Tutoretzapean egondako gazteen eremuko lehentasunak

 

Sostengu-puntu estrategikoa Lehentasuna
·Gizarteratzeko eta laneratzeko Sostengu-puntua. ·Gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua sortzea.
·Etxebizitzarako Sostengu-puntua. ·Etxebizitza partekatuetan alokatzeko edo etxeetan harrera egiteko laguntza, Betebeharren eta Eskubideen Kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat.
·Bizi-sostengurako Sostengu-puntua. ·Enplegurako prestakuntzari laguntzeko beka, betebeharren eta eskubideen kontratuarekin konprometituta dauden gazteentzat eta harrera-egoeran dauden gazteentzat.

 

III. Beste lehentasun osagarri batzuk

 

Helburua Lehentasuna
·Hezkuntza-egiturak eta lanbide-heziketakoak indartzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan. ·Hezkuntza-prestakuntzako eta lanbide-gaikuntzako proiektuak bultzatzea adingabe eta gazte migratzaileen jatorrizko eskualdeetan.
·Jatorrizko herrialdeetan aukerak sortzea, haien giza kapitala indartuz. ·Adingabeko migratzaileen jatorrizko eskualdeetan ezarritako euskal enpresekin hitzarmenak bultzatzea, prestakuntza eta enplegua emateko jatorrian.

Lehendakaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak dinamizatutako hainbat urtetako lanaren emaitza da Euskarri. 2019an zehar, erakunde sinatzaileek hausnarketa-prozesu bat garatu zuten, Euskarri dokumentua sortu zuena. 2020ko otsailean dokumentua prest egon zen aurkezteko. Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeen iragarpenak atzeratu egin zuen aurreikuspen hura. Hala ere, pandemiak geldiarazi zuen lan-plana.

Orain, prozesu horretan parte hartzen duten erakunde guztiek erabaki dute berriz heltzea gaiari, uste baitute haren aurreikuspen guztiek indarrean jarraitzen dutela, eta baliagarriak izaten jarraitzen dutela, baita beharrezkoagoak ere, egungo testuinguruan.