2021eko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileekin elkartu da Jokin Bildarratz

0
PRUEBA

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak harrera egin die gaur eguerdiz, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, 2021eko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileei. Sailburuarekin bileran izan dira, Liher Larrea, Arabako Ikastolen Elkarteko presidentea; Aiara Murga, Laudio Ikastolako presidentea; Jon Bengoetxea, Laudio Ikastolako zuzendaria; eta Joseba Aginagalde, Ikastolen jaietako arduraduna. “Zabal bideak” leloarekin, datorren igande honetan, ekainaren 20an, ospatuko da Araba Euskaraz Laudion.

2021eko Araba Euskaraz festaren antolatzaileek aurten ekimenak dituen berezitasunak azaldu dizkiote Bildarratzi, pandemia garaira egokitutako eta bere burua berrasmatu behar izan duen ekitaldia izango baita aurtengoa. Ibilbiderik gabe eta kontzertu jendetsurik gabe burutuko da aurtengo Araba Euskaraz, baina izango ditu bi gune handi: “Euskararen plaza” eta “Euskararen basoa”. Horietan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko, dena den, aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskarazen webgunean, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera.

Aurten antolaketak izango dituen berezitasunez gain, orain arte ikasturtean zehar Araba Euskarazen egitarauaren barnean antolatu diren gainerako jarduera eta ekitaldien berri ere eman diote sailburuari.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua 2021eko Araba Euskaraz jaiaren irekiera ekitaldian izango da datorren igande honetan, Laudion.