JOSÉ ANTONIO RODRÍGUEZ RANZ SAILBURUORDEAK ALDARRIKATU EGIN DU “BIKTIMA GUZTIEN DUINTASUNA ETA MEMORIARAKO, EGIARAKO, JUSTIZIARAKO, AITORTZARAKO ETA ORDAINERAKO ESKUBIDEA”

0

Eusko Jaurlaritzak, familiarekin batera egindako ekitaldi batean, Jose Miguel Andueza gogoratu eta omendu du. Ekitaldia  Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu du Donostiako Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean.

José Antonio Rodríguez Ranzek, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak, hartu du hitza Jaurlaritzaren izenean, eta diktadura frankistan gertatu zen eta zuzenbide-estatuak zuzendu ez zuen gertakari bat dela gogoratu du. José Miguel Andueza biktima gisa aitortu zen Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren bidez, eta hil zenetik 43 urte igaro zirenean.

Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak berretsi egin du Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimekin hartutako konpromisoa. Aitorpen hori 107/2012 Dekretuarekin hasi zen gauzatzen, eta berriki 17/2016 Legearekin. Rodríguez Ranzek azpimarratu du lege aitorpenak berak duen garrantzia, eta horri gaineratu egiten zaio erakundeek eta gizarteak biktimei aitorpena adierazteko konpromisoa, giza eskubideen urraketa bizi izan duten biktima guztiei.

Sailburuordeak gogora ekarri du diktaduraren azken urteetako errepresio giroa eta garai horretan Estatuaren menpeko indarrek eragindako biktimek duten aitortza eta memoria eskubidea. “Biktima guztiak bezala, lehen mailako biktimak dira. Indarkeria bidegabe baten biktima izan direlako. Eta hori aitortzeak eta ozen adierazteak ez du parekatzea esan nahi, ez du errugabetzea esan nahi, ez du legitimatzea esan nahi, ez du konpentsatzea esan nahi; biktima guztien duintasuna eta memoriarako, egiarako, justiziarako, aitortzarako eta ordainerako eskubidea aldarrikatzea esan nahi du, sinpleki eta nabarmenki.”

Ekitaldian Esteban Anduezak, biktimaren ilobak, ere esku hartu du, eta osaba gogora ekartzeko hitz batzuk esan ditu.

Ekitaldian izan dira: Eneko Goia, Donostiako alkatea; José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria; Joseba Diez, Miren Gallastegi eta Muriel Larrea parlamentariak; Julen Errandonea, Berako Udaleko zinegotzia; Jon Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren zuzendaria. Donostiako Udaletik ondoko zinegotziak izan dira: Juan Ramón Viles, Ane Oyarbide, Reyes Carrere,  Garbiñe Alkiza, eta Marta Huarte. Anduezaren familiak ondoan izan ditu polizia indarkeriaren zenbait biktima eta senide.

Pandemiaren ondorioz, ekitaldia Jose Miguel Anduezaren heriotzaren 50. urteurrena bete eta urtebetera izan da. Izan ere, ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak omentzeko eta gogoratzeko egiten dituen ospakizunetan kokatzen da, gertakarien 50. urteurrenean.

José Miguel Anduezaren kasua

José Miguel Andueza 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoan errotutako indarkeria egoeran giza eskubideen urraketa jasandako biktimatzat hartu zen Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuari jarraituz.

Aipatutako dekretu horretako Balorazio Batzordearen irizpenean José Miguel Anduezaren heriotzaren inguruabarrak jaso ziren. «Behar bezala egiaztatuta dago José Miguel Andueza Elizalde jauna Guardia Zibileko kide baten ekintza basati baten biktima izan zela, Donostiako kanpoaldean 1970eko ekainaren 15ean izandako trafiko-istripu baten inguruko eztabaida batean». Horixe jartzen du Balorazio Batzordeak, Jaurlaritzaren ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren babesean, 2013ko abenduaren 3an egindako eta adostutako proposamenak.

Biktimari buruz

José Miguel Andueza Elizalde 39 urteko gizon ezkongabea zen, eta, hainbat urte Estatu Batuetan eman ondoren, artzain lanetan, bere jaioterrira itzuli zen, Berara, Estatu Batuetan lortutako aurrezkiekin bizitza berri bat hasteko.

1970eko ekainaren 15ean, Anduezak bere autoa hartu zuen Beratik Donostiara joateko, eta, helmugatik gertu zegoela, trafiko-gertakari batean parte hartu zuen. Antza denez, eztabaida baten ostean, parte hartu zuen guardia zibiletako batek José Miguel Andueza Elizalde hil zuen hainbat tiro emanda.