Beatriz Artolazabalek jakinarazi du urte amaierara arte luzatuko direla “Azken Sarea Indartzen” eta “Lehen Urratsa” programak

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakinarazi du bere Sailak urte amaierara arte luzatuko dituela pertsonarik zaurgarrienak artatzeko pandemian sortutako “Azken Sarea Indartzen” eta “Lehen Urratsa” programak. Zehazki, lehen programa zuzentzen zaie oinarrizko premiak estaltzeko laguntza behar duten pertsonei, eta arreta berezia jartzen die familia gurasobakar amadunei eta ugariei; bigarren programa, berriz, etxerik gabeko pertsonak artatzea du helburu. Luzapen hori gehitzen zaie aurrez jakinarazitako beste luzapen batzuei, “Aukerak Suspertzen” (eskolako eten digitala arintzeko laguntza) eta “Betirako” (doluko laguntza psikologikoa)  programak ere 2021. urtearen amaierara arte luzatu baitziren.

 “Ezinbestekoa da gizarteak eta erakundeek pertsona ahulenei tresnak eta pertikak eskaintzea, gizarteratzearen bideari berrekin diezaioten. Jardunaldi hau baliatu nahi dut jakinarazteko “Azken Sarea indartzen” eta “Lehen Urratsa” programak abendura arte gutxienez mantentzeko asmoa dugula” aditzera eman du sailburuak.

Beatriz Artolazabalek, gaur goizean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin batera parte hartu du Euskadiko Bizitegi Bazterketari buruzko V. Jardunaldien irekiera-ekitaldian. Jardunaldiak UPV/EHUk Bizkaiko hiriburuan duen Bizkaia Aretoan egiten ari dira. Jardunaldien helburua da hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta entitateek gogoeta egitea bizitegi-bazterketako egoeran dauden edo bizitegi-bazterketako arriskuan dauden eta etxerik ez duten pertsonen egoera soziosanitarioari buruz.

Jardunaldietan zenbait erakundek hartu dute parte, besteak beste, Gizarte Politiketako Sailburuordetzak, Marian Olabarrieta zuzendariaren txostenarekin; era berean, hiru euskal hiriburuetako udalen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bizitegi elkartearen, Agintzari elkartearen, Arrels fundazioaren eta Provivienda elkartearen ordezkariak ere izan dira bertan. SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuko Raquel Sanzen azalpenekin eman zaie hasiera V. Jardunaldiei.

 “Hain une zailetan —adierazi du Artolazabalek pandemia deklaratu zen uneari buruz— akordioak lortzen jakin genuen Elkarrizketa Zibileko Mahaiaren bazterketa-batzordean, eta pertsona ahulenei zuzendutako programak abian jarri genituen. Programa horiek eragin bateratua izaten ari dira etxerik gabeko pertsonen errealitatean, eta pertsona horiek hobeto ezagutzeko aukera ematen digute, pertsona horientzako aukerak sortzeari begira eta alternatiba berriak aztertzeari begira”.

Datuak

Bizitegi-bazterketako egoera larrian dauden pertsonen egoerari buruzko V. azterketan bildutako datuen arabera —2020ko maiatzean, pandemia-bete-betean, egin zen azterketa hori—, une hartan Euskal Autonomia Erkidegoan 2.800 pertsona zeuden bizitegi-bazterketako egoera larrian. Kopuru horri beste 163 pertsona gehitu zitzaizkion Euskal Autonomia Erkidegoko 19 udalerritako kaleetan gauez egindako kontaketaren ondorioz.

Hiru lurralde historikoetan bizitokiak dituzten 348 zentrotan eta zerbitzutan egin zen azterketa. Zentro eta zerbitzu horietan guztira 3.219 plaza zeuden gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonentzat.

Bestalde, Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, orain luzatzen diren bi programetako datuak eman ditu aditzera. “Lehen Urratsa” programak joan den urtean zaurgarritasun egoeran zeuden eta beren bizitza-proiektuak leheneratzeko edo abian jartzeko premia zuten 200 gazte artatu zituen; 2021eko maiatzaren 31rako, ordea, 160 pertsona artatu ditu.

 “Azken Sarea Indartzen” programak, berriz, 20 eta 30 urte arteko 210 pertsona artatu ditu, 119 gizon eta 91 emakume.

 “Ibilbide pertsonalizatuei esker, ehundaka pertsona urrundu ahal izan dira etxegabetasunaz eta bazterketaz. Orain, erronka izango da ibilbide horiei jarraipena ematea eta urratsak egiten jarraitzea, etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategia berrituz” esan du sailburuak. Horrez gain, adierazi du ziur dagoela aipatutako programa guztiak “pobrezia areagotzearen aurkako euste-horma izan direla” —programa horiek guztiak “Inor utzi atzean gabe” funtsean sartzen dira—.