Lau milioi euro bideratzen ditu Eusko Jaurlaritzak ingurumena babesten duten enpresa-inbertsioak diruz laguntzera

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak lau milioi euro bideratzen ditu enpresentzako dirulaguntzetarako, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko. Agindua gaur argitaratu da EHAAn, eta enpresa interesdunek eskabideak elektronikoki aurkeztu ahalko dituzte, hilabetez, bihartik aurrera.

Eusko Jaurlaritzak, ingurumenarekin duen konpromisoaren garapenean, duela urte batzuetatik, Euskadiko enpresetan ingurumen-inbertsioak –ekoizpen-sistemetan hobekuntza teknologikoak sartzeko bide ematen dutenak– sustatzeko dirulaguntzen programen betearazpena sartu du bere politikan. Gaur argitaratutako agindua Euskadiko ingurumen-kalitatea babesteko helburu horretan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzak iaz onetsi zuen “2030 Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia” betetzen laguntzen du.

Laguntza horien zuzkidura ekonomikoa bikoiztu egin da 2020ko deialdiaren aldean; orduan, bi milioi eurokoa izan zen. EGEFen (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) laguntza diruz lagundutako zenbatekoaren % 50 izango da.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak

Urriaren 27ko 202/2015 Dekretuak ezartzen duenez, laguntzak ingurumena babestera bideratuko dira, honako ildo hauetan:

  1. a) Ingurumena babesteko Batasunaren arauetatik haragoko inbertsiorako laguntzak, edo, Batasunaren araurik ezean, ingurumenaren babes-maila handitzen dutenak.
  2. b) Batasunaren etorkizuneko arauetara aurretiaz egokitzeko laguntzak.
  3. c) Ingurumen-azterlanetarako laguntzak.
  4. d) Hirugarrenek sortutako hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko inbertsioetarako laguntzak, baldin eta metatze-baldintzak betetzen badira:
  • Inbertsioa beste enpresa batzuek sortutako hondakinak murriztera bideratzen da.
  • Beste egoera batzuetan, birziklatutako edo berrerabilitako material tratatuak ingurumenarekin hain errespetuzkoa ez den modu batean ezabatu edo tratatuko lirateke.
  • Laguntzek ez dituzte zeharka libratuko kutsaduraren arduradunak Batasunaren legeriaren arabera beren gain hartu behar duten karga batetik edo ohiko enpresa-kostutzat jo behar den karga batetik.
  • Inbertsioaren efektu bakarra ez da birziklapenerako materialen eskaria areagotzea, material horien bilketa areagotzea baino.
  • Inbertsioak teknikaren egungo egoera gaindituko du.
  1. e) Lur kutsatuak oneratzeko laguntzak, kutsaduraren erantzulea identifikatu ezin bada, edo birgaitzearen finantzaketaren arduraduntzat ezin bada legez hartu, «nork kutsatu, hark ordaindu» printzipioaren arabera.
  2. f) ETEentzako laguntzak, ingurumen-arloan aholkularitza-zerbitzuak emateko.

Laguntzarako ildo guztiak 2020 Euskadiko Ingurumeneko IV. Esparru Programaren balioekin bat datoz; zehazki, pertsonen osasuna eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromisoa babestea bilatzen dute.