Olatz Garamendik fundazioekiko konpromisoa berritu du

0
PRUEBA

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak bere babesa eman die fundazioei, irabazi-asmorik gabeko sozietate horiek egiten duten lanagatik eta arlo sozial, kultural edo humanitarioan egiten duten ekarpenagatik. Olatz Garamendik fundazioen helburuak eta funtzio soziala nabarmendu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak erakunde horiekin elkarlanean jarraitzeko borondatea berretsi du.

Euskadiko Fundazioen Konfederazioak (Funko) gaur arratsaldean telematikoki antolatutako prestakuntza saioan zehar egindako hitzaldian, Garamendik azpimarratu du bere Sailaren helburua Fundazioen Euskal Legea bururaino aplikatzea dela, eta gogorarazi du Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eta Euskadiko Fundazioen Babeslaritzak fundazioei aholkuak emateko eginkizunak dituztela.

Fundazioen baliabide ekonomikoak beren estatutuetan aurreikusitako interes orokorreko helburuetarako erabiltzen direla zaintzea eta egiaztatzea dagokio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari. “Horregatik, fundazioei eta babesletzari eskainitako zerbitzua antolatu dugu eta giza baliabide berriak eman dizkiogu”, jakinarazi du Sailburuak. Ildo horretan, administrazioarekiko harremana errazteko eta karga administratiboak murrizteko neurriak sustatuko dituztela aurreratu du. “Garrantzitsua da ekimenak sustatzea fundazioen artean betebehar legalak, kontabilitatekoak eta fiskalak ezagutzen laguntzeko”, gaineratu du Garamendik Funkoren prestakuntza saioan.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Funkoren arteko lankidetzaren esparruan, Garamendik Gida bat aurkeztu die fundazioei diru sarrerak fundazioaren helburuetara bideratzeko beharra betetzeari eta administrazio gastuen mugari buruzkoa. Gida honen helburua euskal fundazioei eta onura publikoko elkarteei lagundu eta babesteko tresna izatea da. Bere hitzaldiaren azkenean, Sailburuak berretsi egin du fundazioekin lankidetzan aritzeko borondatea, Fundazioen Euskal Konfederazioari urtero ematen zaion aurrekontu-zuzkiduratik harago.

Euskadin irabazi-asmorik gabeko 700 fundazio inguru daude erregistratuta, gehienak Bizkaian (%50), gero Gipuzkoan (%35) eta Araban (%15). Erakunde horiek askotariko jarduerak egiten eta bultzatzen dituzte, eta horien jarduerak Euskal Autonomia Erkideko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1 mobilizatzen du eta urtean 1.000 milioi euro inguruko diru sarrerak sortzen dituzte.