Euskadiko Enplegu Sistemaren Legea prestatzeko parte-hartze bidezko prozesua hasi da

0

Euskadiko Enplegu Sistemaren Legea prestatzeko parte-hartze bidezko prozesua gaur hasi da, 2021eko Enplegu Foroa egin baita; hitzordu horretan, Idoia Mendia Lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak enplegu-arloan diharduten eragile guztien arteko “baterako gobernamendu eraginkorrerako” deia egin du. Legea Legebiltzarrera datorren urte-amaieran heldu ahal izatea espero da.

Mendiak 2021eko Enplegu Foroa inauguratu du; hartan, Euskadiko administrazio publikoetako ordezkariek, gizarte-eragileek, enpresa-elkarteek, elkarte sektorialek eta sindikalek eta hirugarren sektoreak parte hartu dute. Gobernuaren aldetik, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusioko sailburuordeak eta Gloria Mújica Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu dute.

Lehendakariordeak nabarmendu du pasa den urrian Euskadiko enplegu-sistema sortzeko oinarriak finkatu zituen Biltzarra egin ondoren, gaurko foroa politika horiek antolatuko dituen legea prestatzeko lanaren hasiera dela, enplegua “gizarte berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta kohesionatuagoa lortzen laguntzeko faktore nagusia eta eragile erabakigarria izateko”. Mendiak honela definitu du: “guztiok enpleguaren, haren sorkuntzaren eta kalitatearen alde egiten duguna partekatzeko topagunea”. Eta honako honen beharra nabarmendu du: “baterako gobernamendu eraginkorra eta erabakitzailea, arlo horretan dihardugunok egiten dugun guztia bide berean jartzeko”.

“Gaur bertan, Euskadiko Enplegu Sistemaren Legea prestatzeko lehen urratsa emango du”; legea Legebiltzarrera datorren urtearen amaieran iristea aurreikusten da.  “Bertan eraikiko da enplegu-eredu berritzailea eta bizi-baldintzen eraldatzailea”, esan du. Helburu hori lortzeko, Mendiak hasitako urratsak ekarri ditu gogora, eta, horien artean, honako hauek nabarmendu ditu: “Lanbiden egiten ari garen eraldaketa-prozesu sendoa; Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Lege berria, eta Enplegu Estrategia, hamarkada honetan igarotzeko ibilbide-orria”.

“Ez dugu nahi foro hau aldian behin egiten den eta kontuak emateko eta Gobernuan egiten duguna azaltzeko den bilera huts gisa ulertzerik”, esan du; “enplegu-eredu eraldatzaile hori zehazteko tresna erabakigarria izatea nahi dugu”.  “Norabidea partekatu behar dugu, kalitateko enpleguaren, inklusiboaren eta berdinzalearen norabidea, eta, horretarako, eginkizunak banatu behar ditugu, bakoitzak eraginkorren den lekuan jardun dezan”, esan du, amaitzeko.

Zehazki, bileran, legea prestatzeko ezarri den ibilbide-orria aurkeztu da; haren arabera, datozen hilotan hausnarketarako eta partaidetzarako prozesua irekitzea aurreikusten da, eta hura egiteko laneko une garrantzitsuak jasotzen dira.