BIKAIN euskararen kalitate ziurtagiria eskuratu du ‘Zuzenean’ zerbitzuak

0

Eusko Jaurlaritzaren ‘Zuzenean’ zerbitzuak eta bere langileek eguneroko jardunean euskararekin duten konpromisoa eta lan ildoa aitortu du Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriak. Azken hilabeteetan egindako kanpo ebaluazioaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak herritarrei arreta zuzena emateko zerbitzuak euskara erabili eta sustatzen duelako merezi du bereizgarri hau. Parte hartu duten erakundeek ebaluazio txosten bana jasotzen dute beren indargune nahiz zer hobetuen berri zehatza ematen diena, lortutako puntuazio eta horren araberako ziurtagiriarekin batera. ‘Zuzenean’ zerbitzuak 600 eta 649 puntu arteko balorazioa lortu du, zilarrezko bereizgarria.

Herritarrei arreta emateko zerbitzu hurbilena izanik, ‘Zuzenean’ zerbitzuaren  bulegoetatik 1.200dik gora herritar pasatzen dira egunero Gasteiz, Bilbo edota Donostian, kontsultak eta izapideak egiteko. Honetaz gain, bide telematiko eta telefonikoetatik ere ematen die arreta herritarrei. Horregatik da herritarrengandik hurbilen dagoen zerbitzua eta hain zuzen ere hori da maiatzean egindako kanpo ebaluazioak neurtu duena, hau da euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa bai langile eta herritarren arteko harremanean, zein langileen arteko barruko komunikazioan.

Zuzenean zerbitzuak berebiziko ahalegina egin du bere sorreratik herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, eta beti ulertu du hizkuntzaren ikuspegiak ere ondo errotuta egon behar duela kalitatezko zerbitzuen diseinu zein eskaintzan. Zentzu horretan hizkuntza politika ondo definitu du.

Talde ebaluatzailearen txostenaren arabera, Zuzenean zerbitzuak erabat bermatzen du herritarrek Administrazioarekiko harremanean nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea. Izan ere, zerbitzuko langile guztiek egiaztatu dute dagokien hizkuntza-eskakizuna eta lana euskaraz egiteko adinako gaitasuna dute. Are gehiago, langileen erdiek eskatzen zaiena baino gaitasun handiagoa dute. Zerbitzuaren ezaugarriengatik, komunikazio-gaitasuna funtsezko elementu bat da zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera. Ahozko arretari dagokionez, lehen hitza euskaraz egiten da eta handik aurrera herritarrak hautatutako hizkuntzan jarraitzen da.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila aspalditik ari da lanean euskara Zuzenean-eko bulegoetan zerbitzu hizkuntza bezala sendotzeko. “Pozez hartu dugu BIKAIN ziutagiria hainbat urtetan Zuzenean zerbitzuko langileek zein arduradun politikoek emandako bultzadaren emaitza delako. Ez dezagun begi bistatik gal herritarrek hizkuntza eskubideak dituztela eta,  Administrazioek, aldiz, hizkuntza betebeharrak. Zentzu horretan, euskal hiztunak animatu egin nahi ditut Zuzenean zerbitzuan zein Administrazioarekin dituzten harremanetan euskara normaltasun osoz erabil dezaten” dio Olatz Garamendik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak.

“Aitortza hau aukera paregabea da bultzada berri bat eman, orain arte Zuzenean zerbitzuan hartutako neurri eta ohiturak sendotu eta zerbitzu-hizkuntzari dagokionez lortu den garapen-maila lan-hizkuntzaren arlora eramateko”, adierazi du Garamendik, zeinak gogoratu du Zuzenean zerbitzuko langileek eta herritarrek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila ondoan izango dutela euskararen normalizazioari dagokionez beren ekarpena egiteko.