Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Euskadiko Orkestraren 2021-2022 denboraldi berriaren aurkezpenean hartu du parte. Oriol Roch Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusia eta Robert Treviño zuzendari titularra berarekin batera izan dira Donostian izandako ekitaldian.
ABONU-DENBORALDIAREN PROGRAMAZIOA
Itxaropen- eta hobekuntza-garai bat ireki da. Euskadiko Orkestraren helburua baikortasuna eta konfiantza berreskuratu eta kontzertu-aretoetara lasai itzultzea da. Denboraldi zail bat utzi berri du atzean. Jarduera ugaritu egin du eta kontzertuak maratoi-saio bihurtu ditu publiko guztiarengana iristeko. Guztira 131 kontzertu eskaini ditu, horietatik 98 Abonu Denboraldikoak (ohiko 50 abonu-kontzertuen ia bikoitza). Musika sinfoniko asko programatu du eta orkestra txikiago batentzako errepertorio oso bat planteatu du, agertokian ere segurtasun-distantziak mantendu behar izan direlako. Eta lortu du. Orain baikortasunaz eta programazio onaz hitz egin behara dago.
Euskadiko Orkestraren 2021/2022 Abonu Denboraldia irailaren 27an hasiko da Iruñean eta 2022ko ekainaren 8an amaituko da Bilbon. Lehenengo bi programetan saioak bikoizten jarraituko du Orkestrak, 20/21 Denboraldian egin duen bezala: Brahms Fest izeneko lehen saioan 10 kontzertu eskainiko ditu hamar egunetan ohiko lau hiriburuetan; bigarrenean, Tchaikovsky, arratsalde berean saio bikoitzak programatu dira hiri bakoitzean. Hirugarren programatik aurrera, edukierari dagokionez normaltasun handiagoa lortzea aurreikusten da.
Ildo nagusiak: baikortasuna, aurkikuntza eta ibilbide luzea
Brahmsen sinfonismo handia bezalako adibideek dakarten baikortasunean jarri nahi izan du Orkestrak arreta, haren sinfonia guztiak interpretatuz. Beethoven 7. sinfonia eta Berliozen Sinfonia Fantastikoa dira optimismo horren beste adibide batzuk. Denboraldi honetako beste ildo garrantzitsu bat publiko orokorrarentzat hain ezagunak ez diren obren aurkikuntza izango da, Zhou amerikarra eta Dutilleux frantziarraren obrekin. Gainera, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuari lotutako lanak ere estreinatuko ditu (Joël Mérah eta Teresa Catalan), baita pandemiari lotutakoak ere (Pascal Gaigne), deskubrimenduaren lan-lerro hori jarraituz.
Ibilbide luzea aipatzen dugunean Robert Treviño orkestrara iritsi zenetik egiten ari den lana azpimarratu behar da. Adibide garbienetakoa Mahler da: haren 1. Sinfoniarekin estreinatu zen Euskadiko Orkestraren batutan eta, ordutik, musikagilearen sinfonia eta obra ugari ekarri ditu Treviñok orkestrara. Aurtengoan 2. Sinfonia handiari helduko dio, ‘Berpizkundea‘ izenez ezaguna, berez 19/20 Denboraldirako aurreikusita zegoena baina pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zena. Orain inoiz baino zentzu gehiago du lana berreskuratzeak, gure bizitzen berpizkundea irudikatzen baitu, Denboraldiaren irudi den larrosak egiten duen modu berean.
Brahms Fest hasteko
20/21 Denboraldiari hasiera eman zion Schuberten sinfonia-maratoiaren ondoren, orkestrak formula errepikatuko du eta Brahms Fest delakoa aurkeztuko du. Konpositore alemaniarraren sinfonia guztiak, Biolin eta biolontxelorako kontzertua eta Pianorako 1. eta 2. Kontzertuak interpretatuko ditu orkestrak ohiko lau hiriburuetan eskainiko duen inaugurazio-programako 10 kontzertuetan banatuta. Robert Treviñok, batutan, hiru bakarlarik eta orkestrak berak emango diote forma lurralde osoa zeharkatuko duen eta erronka musikal berria izango den jaialdi honi.
Robert Treviño Denboraldian
Denboraldiko hamaika programetatik seiri helduko die orkestrako zuzendari titularrak. Brahms Fest bereziaren irekieraren ostean, Xavier de Maistreren harpa protagonista duen programa originala eskainiko du, Treviñoren bidaide izan den Xostakovitxen 10. Sinfonia ere barne hartuko duen programa. Otsailean Bernstein ezagunena eta Zhouren musikaren aurkikuntza uztartuko dituen programa amerikar batek jarraituko dio. Azken txanpan Mahlerren 2. Sinfonia iritsiko da, ‘Berpizkundea’ izenekoa. Robert Treviño Elkano: Mundubira musika bidelagun zeharkaldira igoko da maiatzean, Vianako Printzea saria jaso berri duen Teresa Catalanen La victoria vacía obraren estreinaldiarekin. Gainera, Denboraldiko aurkikuntzetako bat ere hartuko du programak: Dutilleuxen 1. Sinfonia. Treviñok Wagner, Elgar eta Bartoken obrak ere jorratuko ditu, kasu honetan Pinchas Zukermanekin, eta biolajoleak bere ibilbidean bidelagun izan duen Bartoken Biola kontzertuarekin.
Estreinaldiak eta errepertorio berria
Lehen mundubira egin zenetik 500 urte igaro direla gogora ekartzen duen Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektua ibilbide luzeko beste ekimen bat da, Denboraldi honetan jarraipena izango duena eta 2022ko udazkenean amaierara iritsiko dena. Joël Mérahren Jakinduriaren usaina eta Teresa Catalanen La victoria vacíak hartuko dute Denboraldi honetan aurrekoetan Mikel Chamizok eta Mikel Urquizak utzitako lekukoa.
Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko bi obrei gaineratuko zaie Pascal Gaigneren Urrutiko arimak eta Urruneko azalaken estreinaldia.
Gainera, orkestrak lehendabizikoz interpretatuko ditu hiru obra, publikoarentzat aurkikuntza handia izango direnak: Ginasteraren Harparako kontzertua, Zhouren Orkestrarako kontzertua eta Dutilleuxen 1. Sinfonia.
Zuzendariak, solistak eta abesbatzak
Orkestrak artista mordoa jasoko du berriz ere bere programazioan, baina azpimarratzekoa da berriro ere bakarkako hiru programari helduko diela, bakarlari gonbidaturik gabe, interpretazioan protagonismo handia emango diotenak orkestrari berari.
ZUZENDARIAK: Robert Treviñok presentzia nabarmena izaten jarraituko du sei programarekin eta podiuma beste zuzendari batzuekin partekatuko du gainontzeko programetan: 19/20 Denboralditik berreskuratutako Mei-Ann Chen, Pinchas Steinberg eta Georg Mark; gure orkestraren buru lehendabizikoz arituko den Pietari Inkinen; eta orkestraren zuzendari elkartu Jaume Santonja.
SOLISTAK: Atal honetan, 19/20 Denboraldirako programatutako Yulianna Avdeeva eta Varvara pianistak, Tom Borrow (pianoa) eta Alexey Stadler (biolontxeloa) hartuko ditugu lehen aldiz. Dmitri Makhtin (biolina), Pinchas Zukerman (biola), Xavier de Maistre (harpa) eta Asier Polo (biolontxeloa) bezalako artista handiak berriz izango ditugu gurean. Ahotsetan Ainhoa Arteta sopranoa dugu, Michael Nagy baritonoa, Sarah Fox sopranoa eta Justina Gringyte mezzosopranoa.
ABESBATZAK: Martxoan eta maiatzean bi obra sinfoniko-koral handi eskainiko ditu Euskadiko Orkestrak. Brahmsen Requiem alemaniarrean Iruñeko Orfeoia izango du bidelagun. Bestalde, Mahlerren obra handia, 2. Sinfonia, ‘Berpizkundea’ Donostiako Orfeoiaren ahotsetan entzungo da.
ORKESTRAREN BESTE JARDUERA BATZUK
Udazken diskografikoa
Bere jarduera kontzertistiko garrantzitsuarekin batera, orkestra estilo eta zeregin oso desberdineko grabaketa sorta proiektu batean murgilduta dago. Ekoizpen guztiek dute kalitate-zigilua, eta ingurune desberdinetan eta interes dokumental handiarekin kokatzeko asmoa dute.
American Composers: Udazkenean, Ravelen ondoren, Robert Treviñorekin egindako bigarren grabazio diskografikoa argitaratuko du Euskadiko Orkestrak. Oso ezagunak ez diren konpositore amerikarren ekoizpen sinfonikoan oinarritutako grabazioa da. Dagoeneko egina dago grabazioa eta urriaren hasieran kaleratuko da nazioartean, Ondine diskoetxe finlandiarrarekin, zeinarekin Treviñok grabazio-hitzarmena sinatua duen datozen urteetarako.
KALAKAN: Ipar Euskal Herriko taldearekin izandako lankidetza berria maiatzean erregistratu zen. Orain Elkar diskoetxea editatzen ari da eta azken emaitza urriaren amaierarako eta azaroaren hasierarako programatutako kontzertuetan erakutsiko da, duela urte batzuetatik orkestrak KlasikAt izenpean aurkezten duen crossover zikloaren zeinupean. Orkestrak Izaro, Huntza, Zea Mays, Dr. Deseo edo Ken Zazpi bezalako euskal egileekin partekatzen dituen proiektu horien guztien jarraipena izango da kolaborazio berri hau.
GUTIZIA: Txistuaren unibertso sinfonikoa ardatz duen beste proiektu diskografiko baten izenburua da eta Garikoitz Mendizabal du protagonista. Gutizia txisturako idatzitako lanen bilduma bat da, 80 minutuko musikan bildu dira eta emaitza udazkenerako egongo da prest Orpheus zigilupean.
SOINU-BANDAK: Asko dira Fernando Velazquezen eskutik orkestrak egiten dituen soinu-bandak, hala nola, Patria, Hil Kanpaiak, El inocente telesaila eta Poderoso Victoria film mexikarra. Horiez guztiez gain, datozen egunetan Iciar Bollainek zuzendutako Maixabel filmaren soinu-bandaren grabazioari ekingo dio orkestrak Miramonen, Alberto Iglesias musikariak idatzi duena eta zuzenduko duena.
LIDE TA IXIDOR: Santos Inchaustiren musika daraman haurrentzako ipuin liriko bat da Lide ta Ixidor. Obra honen berreskurapena Bilboko Koral Elkartearen Euskal Opera proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua XX. mendearen hasieran Elkarteak enkargatutako euskarazko operen partiturak editatzea eta grabatzea da. Haurrentzako opera hau Bilbon grabatuko dute, eta haur abesbatza eta SCBko abesbatza mistoa izango dira bertan.
RAVEL: Puntu honetan ezinbestekoa da apirilaren hasieran argitaratutako CD hau aipatzea, Ravelen katalogoko lan sinfoniko esanguratsuenekin. Ondine zigiluaren finlandiar egikera darama grabazio honek, eta une honetan Euskadiko Orkestraren nazioarteko pasaporterik onenean bihurtu da. Oihartzun handia izaten ari da planetako toki askotan, Japoniatik eta Australiatik AEBetara, Europatik pasatuz, eta oso kritika onak jaso ditu hedabide espezializatu ospetsuenengandik (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason…). Konpositorearen alde euskaldunenaren irakurketa musikalari esker, Treviñok eta orkestrak Ravelen lanaren begirada berri bat eskaini dute grabazio honetan eta, ondorioz, nazioartean oso erakargarri bihurtu dute proposamena.
Partekatutako proiektuak
Orkestrak bere konpromisoa mantenduko du ABAO Bilbao Operaren Denboraldiarekin, Bilboko Musika-Músicarekin eta BBVAko Jakintzaren Mugak Sarien Galarekin. Pandemiaren ondorioz ezin izango du berreskuratu Donostia Zinemaldian Belodromoak eskaini ohi zuen soinu-banden kontzertu tradizionala, baina Donostiako Musika Hamabostaldian eta Musikasten parte hartuko du.
Orkestraren Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloek aurrera jarraituko dute aurten ere eta aurrerago aurkeztuko dira.
ABONAMENDUAK ETA SARRERAK
Indarrean dauden edukiera-murrizketek abonamendu berriak egitea eragozten digute, baina Orkestrak itxaron-zerrenda batera pasako diren erreserbak har ditzake. Baimendutako edukiera handitzen den heinean, abonatu berriak hartzen hasiko da. Erreserba horiek orkestraren webgunean (euskadikoorkestra.eus) eta telefonoz (943 01 32 32) egin ahal izango dira.
Orain amaitzen ari garen Denboraldian bezala, sarrera solteen salmenta kontzertuak hurbiltzen diren heinean joango da irekitzen, beti ere eserleku librerik geratuko balitz. Abonamenduen eta sarreren prezioak mantentzea erabaki da Denboraldi honetan.
MEZENASGOA
Gizartean oso beharrezkoa den tresna kulturala dela sinetsita, Euskadiko Orkestrak mezenasgoaren bidez publikoarekin konektatzeko tresna berri bat aktibatu du. Horri esker, lurraldeko proiektu kultural hau garatzen lagundu nahi duten pertsonek beren ekarpenekin egin ahal izango dute.
Mezenasgoa etorkizuneko tresna beharrezko eta osagarria da administrazio publikoen diru-laguntzen politikentzat, eta kultura eta gizartea garatzeko eta laguntzeko bitarteko gisa ezartzen joango da. Orkestrari egindako ekarpenek, edozein modalitatetan, zerga-kenkaria jasotzeko aukera emango dute.
ESKERTZA
Azkenik, orkestrak eskerrak eman nahi dizkie bere jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde eta eragile guztiei: abonatuei eta, oro har, publikoari, erakunde babesleei eta laguntzaileei, kultur eragileei, komunikabideei eta abarri, Euskadiko Orkestraren jarduera ahalbidetzen baitute.